Hamabi euskal diseinatzailek beren lanak erakutsiko dituzte Cristobal Balenciagaren omenezko erakusketa batean Bilbon

Actualizado: viernes, 16 septiembre 2011 16:15

BILBO, 16 Sep. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbao zentroak "Euskadik moda gustua du" izenburuko erakusketa inauguratu du gaur, irailaren 16an. Cristobal Balenciagaren omenez, 12 euskal diseinatzailek beren lanekin parte hartzen dute erakusketan.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta arloetako zuzendari Maite Valmasedak eta Isabel Muelak erakusketa bisitatu dute, erakusketan bertan parte hartzen duten diseinatzaileen talde batekin batera, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

"Erakutsitako talentuarengatik eta sorkuntzarengatik historikoki nabarmendu den lurra dugu Euskadi, eta orain ere nabarmentzen jarraitzen du. Euskal moda da adierazpide horietako bat. Balenciaga maisuak hasi zuen nazioarteko historia hori eta historia horren buru ere bada, eta oraingoan omenaldia egiten zaio, ideia hori Euskadik dauzkan turismo-erakargarri guztiekin uztartuta", azaldu dute.

Hainbat forma iradokitzen dituzte erakusketak biltzen dituen diseinuek, hala nola Bilboko baldosa, Euskal Kostaldeko olatuak edo Arabako Errioxako koloreak.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak euskal moda balioan jartzeko ekimen hori sustatu eta finantzatu du.

Erakusketa urrian AEBetara joango da enpresa-misio batekin batera, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela. Jaurlaritzaren helburua Euskadiko merkataritza eta turismoa ekonomiaren eragile bihurtzea da, betiere nazioarteko proiekzioarekin, 2010-2013ko Lehiakortasun Planak adierazitakoari jarraiki.