Harkaitz Cano eta Belén Gopegui idazteaz eta konpromisoaz arituko dira Bilbon

Bidebarrietako ekitaldi aretoa
Foto: BIDEBARRIETA KULTURGUNEA
Actualizado: viernes, 13 febrero 2015 11:06
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak Harkaitz Cano eta Belén Gopegui idazleak elkartuko ditu otsailaren 17an, Bidebarrieta liburutegian, idazteari eta konpromisoari buruz hitz egiteko.

   Egitasmoko eztabaidak hilero egiten dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako ekitaldi aretoko eszenatokian, eta espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingoan, Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea izango da ekitaldiaren moderatzailea.

   "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak literatur ekoizpen handiko bi idazle bilduko ditu, biak ere sari garrantzitsuak irabazitakoak, eta irakurleen zein kritikaren aintzatespenak jaso dutenak, idazteari eta konpromisoari buruz hitz egiteko.

   Harkaitz Cano (Lasarte, Gipuzkoa 1975) Zuzenbidean lizentziatu zen baina berehala hartu zuen idazketarako bidea. Idatzi dituen lanen artean, "Twist" (2011), "Beluna jazz" (1996), "Belarraren ahoa" (2005), "Neguko zirkua" (2005) eta "Piano gainean gosaltzen" (2000), "Norbait dabil sute-eskaileran" (2001) daude, besteak beste. Egilea bera arduratu da bere lanaren parte handia gaztelaniara itzultzeaz.

   Birritan irabazi du Euskadi Literatur Saria, eta beste birritan Kritikarena. Horrez gain, "Twist" lanarekin, irakurleek ematen duten Beterriko Liburua aipamena lortu zuen. Bere eleberriak errusierara, grezierara, alemanera, italierara, nederlanderara, galegora eta ingelesera itzuli dira.

   Belén Ruiz de Gopegui eleberrigile eta gidoilariak, literatur munduan Belén Gopegui izenaz ezagunak (Madril, 1963), hainbat prentsa komunikabideren literatur sekzioetan hasi zuen bere ibilbide profesionala, 1993an. Anagrama argitaletxeak arrakasta handiz argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, "La escala de los mapas", idazle berrientzako Tigre Juan eta Iberoamericano Santiago del Nuevo Extremo izeneko sariak lortu zituena.

   Lehenengo lan horren ondoren bigarren eleberria etorri zen, "Tocarnos la cara", 1995ean, eta bigarren horrek ere harrera beroa jaso zuen irakurleen zein kritikaren aldetik. Ondoren, 1998an "La conquista del aire" etorri zen, eta Gerardo Herrerok zinerako moldatu zuen 2000n, "Las razones de mis amigos" izenburuarekin.

   Eleberri horren moldaketarekin hasi zuen ibilbidea gidoilari gisa. 2005ean, orain arte antzerkirako idatzi duen lan bakarra gehitu zion, "Coloquio", eta ondoren arrakastaz betetako literatur ibilbide zabalarekin jarraitu zuen: "El lado frío de la almohada", "El padre de Blancanieves", "Deseo de ser punk", "Acceso no autorizado", bere azken eleberrira, "El comité de la noche", heldu arte.

BEDERATZIGARREN EDIZIOA

   2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira.

   Denbora tarte horretan, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, hala nola Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.