Harkaitz Canok, Pettik eta Joxan Goikoetxeak "Gau beranduan" ikuskizuna eskainiko dute asteartean Bilboko Arriagan

Petti
Foto: ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: lunes, 13 enero 2014 12:26

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Arriaga Antzokiak Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin lankidetzan antolatzen duen "Literatura eta musika euskaraz" zikloak Harkaitz Cano idazlea, Petti musikari eta kantaria eta Joxan Goikoetxea musikaria bilduko ditu astearte honetan, urtarrilaren 14an, "Gau beranduan" ikuskizunarekin. Saioa antzokiko Foyerren izango da, 20:00etan, eta sarrerak 12 euro balio du.

   Antzoki bilbotarreko iturriek adierazi dutenez, "Gau beranduan" ikuskizunean eraldatu egiten dira paisaiak, eta "eder zena beldurgarri bihurtzen da eta beldurgarri zena eder. "Egunak utzitako nekeak ez du disimulurako tarterik uzten gau beranduan. Maitaketa, konspirazioa eta sabotaia zainetan daramaten istorioak. Kantu eta poema zaharrak, bertsioak eta emanaldirako espreski ondutakoak. Malenkoniak bai baitu bere amorrua eta amorruak bere malenkonia", esan dute.

   "Literatura eta musika euskaraz" programaren hurrengo saioa urtarrilaren 29an izango da, Amets Arzalluz Euskal Herriko bertsolari txapeldunarekin eta Joxan Goikoetxearekin. Halaber, otsailaren 4an, "Bidaia" saioa eskainiko dute Caroline Philipsek eta Mixel Ducauk, eta martxoaren 18an, Bernardo Atxaga izango da protagonista, "Pierrot izeneko automata" ikuskizunarekin.