Harrapazank ekimenaren edizio berria jarri da abian Bilbon, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz

Topaguneko Aritza Escandon, Ana de Castro zinegotzia eta Enkore taldeko kideak
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 15 marzo 2011 17:56

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara Sailak dagoeneko sustraituta dagoen Harrapazank programa jarri du martxan beste behin, gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko eta kultura-eskaintza berritzeko asmoz. 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako jarduera berrien, erakargarrien eta gustagarrien bidez, euskara Bilboko gazteen eguneroko hizkuntza, ohikoa eta irakaskuntzatik kanpokoa bihurtu nahi da.

Harrapazank Bilboko Udalaren Euskara Sailaren ekimena da, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren laguntzarekin eta babesle den BBKrekin elkarlanean antolatua. Aurtengo egitarauaren aurkezpena gaur burutu dute Bilbon, Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskara zinegotziak eta Aritza Escandon Topaguneko kideak; bertan izan dira Harrapazank-en kantua ("Zer garen") egin duen Enkore taldeko kideak ere.

Edizio honetan bilbotar guztiek eta bilbotarrak ez direnek parte hartzeko moduko jarduera antolatu da martxoaren 26rako. Ercilla kalean egingo da euskara eta Harrapazank protagonista izango dituen Flashmoba (jende partida batzea leku publiko batean, ohiz kanpoko zerbait egitea eta agudo sakabanatzea).

Enkore taldeak programa honetarako beren-beregi egindako "Zer garen" izeneko abestia erabiliko da 18:00etatik aurrera eta parte-hartzaileek koreografia egin (Youtuben dago eskegita: http://www.youtube.com/results?search_query=harrapazank+flas...) eta une horretan kalean dabilen jendea parte hartzera anima dezakete.

Harrapazank programaren kantan Zea Mays taldeko Aiora Renteriak ere hartu du parte eta Bilborock aretoan aurtengo otsailaren 27an grabatu zen lip dub-aren soinu-banda izan zen. 40tik gora gaztek jardun zuten orduan.

Lip dub (Ingelesez "ezpain bikoizketa") musikazko ikus-entzunezko bat da, ezpainak, keinuak eta mugimenduak sinkronizatzen dituzten pertsonen talde batek egina, abesti bat hartuta audio moduan. Lip dub-ak toma bakar batean hartzen dira eta parte-hartzaileek playback egiten dute musikak jotzen duen bitartean.

Bestalde, partaidetzaren aldetik lortu duten arrakasta ikusita, aurten ere Distirazank eta Dantzazank lehiaketak egingo dira Harrapazank programaren barruan. Lehiaketa horietan arterako, musikarako eta dantzarako dituzten gaitasunak erakutsi ahal izango dituzte gazteek.

Topaguneko dinamizatzaileak Bilboko ikastetxe eta institutu batzuetan izan dira, ekimen hauei buruzko informazioa emateko gazteei. Kanpainaren ostean, 140tik gora gaztek izena eman dute lehiaketetan parte hartzeko.

DISTIRAZANK

Distirazank talentuen lehiaketa da. Nesken eta mutilen originaltasuna eta sormena bultzatzea eta sustatzea du helburu. Era guztietako jarduerak aurkez ditzakete taldeka: antzerkia, magia, zirkua, musika-emanaldiak, bertsoak, playbackak eta abar.

Lehiaketaren bigarren edizio honetan 12 taldek eman dute izena, eta horietarik zortzi finalera iritsiko dira. Finala apirilaren 2an izango da, Bilborock aretoan, 19:30etan. Finala Nerea Aliasek aurkeztutako doako galan jokatuko da.

Finalera begira, parte-hartzaile guztiek aktore eta kantari profesionalen laguntza izango dute, astero San Inazioko kiroldegian eta La Bolsa Auzo Etxean egingo dituzten entseguen bidez.

Arte eszenikoen mundua hobeto ezagutzeko, Aiora Sedanok, Itxaso Paiak eta Seiren taldeko kantaria den Jokin Lacallek emango duten master classean hartu ahal izango dute parte. Tailerra martxoaren 19an izango da, 18:30etan, Bilborock aretoan.

Bestalde, aurreneko bi edizioetan 80 parte-hartzailerekin lortutako arrakasta ikusirik, aurten ere Dantzazank lehiaketa egingo da. Gazteek koreografiak prestatu ahal izango dituzte taldeka, lantaldeak jarduera ludikoa apailatuta.

25 taldek eman dute izena, eta horietarik zortzi finalera iritsiko dira. Azken gala Bilborock aretoan egingo da, apirilaren 9an, 19:30etan. Aurkezlea, berriro ere, Nerea Alias izango da, eta sarrera dohainik. Ikusleek finalistak ikusiko dituzte eta izen handiko beste artista batzuk ere bai. Parte-hartzaileei koreografiak prestatzen laguntzeko eskolak ematen dizkiete astero dantzari profesionalek.

Ugaitz Alegriak, Itziar del Valek eta Ylenia Bagliettok master classa emango dute, parte-hartzaileek dantzaren mundua hobeto ezagutu dezaten. Martxoaren 18an izango da, eta sarrera dohainik.

Azkenik, Ze Esatek eta Enkore taldeek Harrapazank programa bukatuko dute aurtengo edizioan kontzertu bat eskainiz. Bilborock aretoan izango da, apirilaren 8an, 20:00etatik aurrera. Sarrerak sei eurokoak dira, eta Bilborocken eta BBKren Teleka kutxazainetan jarriko dira salgai (telefonoz eta interneten ere bai).