Haur eta gazteak "gastronomiaren sekretuetan murgiltzeko" jarduerak antolatu ditu Basque Culinary Centerrek

Haur eta gazteentzako jarduerak BCCn
BASQUE CULINARY CENTER
Actualizado: viernes, 22 enero 2016 13:11

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Basque Culinary Center (BCC) zentroak sukaldaritzan murgiltzeko aukera eskainiko die haurrei eta gazteei, gastronomiari lotutako hainbat ekimenen bidez. Horien guztien helburua etxeko txikienak eta nerabeak gastronomiaren mundura hurbilaraztea da, eta, kasu askotan, haien sukaldaritza grina sendotzea.

   Horrela, nerabeei zuzenduriko kanpamentu gastronomikoak Gipuzkoan eta Madrilen egingo dira. Sukaldaritzarekiko eta gastronomiarekiko grina duten neska-mutil guztiak euren zaletasun horretara hurbilaraztea da kanpamentuen helburua.

   Programa hamar egunetan gauzatuko da, egonaldi osoan, eta toki bakoitzak bere egutegia izango du. Izena ematen duten gazteek sukaldaritzaren sekretuak modu praktiko eta dibertigarrian ezagutzeko aukera izango dute, sukaldari ospetsuen eta aisialdiko hezitzaileen laguntzarekin. Horrez gain, dena ikasiko dute sukaldean erabiltzen diren produktuei buruz -besteak beste, gazta nola egiten den-, bai eta jatetxe baten funtzionamenduaren gorabeherei buruz ere.

   Horrenbestez, hamar egunetan 100 neska-mutilek "gastronomiaren sekretuak" ikasiko dituzte eta sukaldaritzaren munduan murgilduko dira. Horretarako, lantegi praktikoak eta sukaldaritzarekin lotutako irteerak eta bisitak egingo dituzte.

   Gipuzkoak, eta zehazki Fraisoro Nekazaritza Eskolak, hiru kanpamentu hartuko ditu. Hiru kanpamentuak sasoi desberdinetan izango dira, baina guztiak ere 15 eta 17 urteko gaztetxoei zuzenduta. Madrilen, berriz, bi kanpamentu egingo dira, biak ere ingelesez, Gredos San Diego ikastetxearekin eta haren sukaldaritza eskolarekin lankidetzan, azken horrek Buitrago del Lozoyan duen GSD Nazioarteko campusean.

   Kanpamentuetako bat 15 eta 17 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta egongo da, eta bestea 12 eta 14 urtekoentzat izango da. Lehen aldia da adin horretako talde bat sortzen dena, gaztetxoenek abentura horretan parte hartzeko eskaera zabalari erantzunez. Informazio guztia hemen dago eskuragarri: www.bculinary.com/campamentosgastronomicos.

EGUNEKO UDALEKUAK

   Bestalde, eguneko udaleku irekiak ere izango dira, Basque Culinary Centerren bertan. Goizero, 9-12 urteko neska-mutilek sukaldaritza ikasi, eta prestatutakoa Basque Culinary Centerren bertan jango dute. Astelehenetik ostiralera izango da, bost egunez, eta Masterchef Junior telebista saioko irabazleak ere parte hartuko du.

   Bi edizio egongo dira aukeran: sukaldaritza lantegi juniorra, sukaldaritza ikasi eta gastronomia bizi nahi dutenentzat, eta pastelgintzako eta gozogintzako lantegi juniorra, gozokiak eta azkenburukoak prestatzen ikasi nahi duten gozozaleentzat.

   Halaber, Familian eta Izan chef lantegiak ere Basque Culinary Centerren emango dira. Lehenengoan, haur batek eta heldu batek familian ikasiko dute kozinatzen, larunbat goiz batean. Hala, familia, balioen transmisioa eta ohitura osasungarriak, hiru alorrak, lotuko dira ekimen bakar batean. Bigarren lantegia 10 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta dago. Hilabetez, apirileko lau larunbatetan, mundu liluragarri horretan murgildu ahal izango dira.