Haur eta gazteentzako liburutegi berri bat egiteko proposamena aurkeztu dute Gernika-Lumon

Actualizado: viernes, 11 febrero 2011 11:59

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Haur eta gazteentzako liburutegi berri baterako proposamena aurkeztu dute Gernika-Lumon (Bizkaia), bai eta hemendik aurrera emango dituzten pausoen berri eman ere, Kultur Etxeko beharginek sustatuta, Kultura Batzorde osoaren sostenguarekin eta herriko hainbat pertsonak eta eragilek babestuta, hala nola idazleak, margolariak, ikertzaileak, ikastetxeetako zuzendaritzak edo gurasoen elkarteak.

Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, proposamenarekin eskuetan herriko alderdi politiko guztiekin batzartuko dira datozen egunetan, eta eskaera bat luzatuko diete denei: mozio kolektibo bat aurkeztea hurrengo udal-batzarrean, hau da, alderdi bakoitzak bere aldetik egin beharrean, denek batera Kultur Etxeko langileek, Kultura Batzordeak eta herriko hainbat pertsonek babesten duten proposamenaren alde egin dezatela.

Haur eta gazte liburutegirako espazioa Kultur Etxetik atera eta Txiki Parkea dagoen tokira lekualdatzean datza proposamena. Horrekin, metro koadroak irabazi eta adinen arabera hiru espazio desberdintzeko aukera aurreikusten dute proiektuaren bultzatzaileek: batetik, 0-5 urte bitarteko umeentzat; bestetik, 6-12 urte bitartekoentzat, eta, azkenik, 13-17 urte bitarteko gazteentzat.

"Liburutegia eta Ludoteka uztartuko ditu. Espazio zabal eta koloretsuak, egokiak eta erosoak, ikasteko eta irakurtzeko bakarrik ez, baita jolasteko ere, euskarri anitzak erabiliz, eta ekitaldi berezietarako aukerekin: kalera irten, gaueko ekintzak eta abar", azaldu dute.

Izan ere, Txiki Parkea Udalarena da, gogorarazi dutenez, eta aurten bukatzen zaio egungo enpresari lekua ustiatzeko kontratua. "Uste dugu herrian beharrizan handiagoa dagoela liburutegi zerbitzu publiko bat eskaintzeko, eskaera handia delako, eta eskaintza mugatuegia", gaineratu dute.

Eusko Jaurlaritzaren gomendioen arabera, Gernika-Lumoko liburutegiak 120 metro koadro beharko lituzke haur eta gazteentzako, eta gaur egun, 30 metro koadro baino ez daude. "Oraingo tokian ez dago leku gehiago ezertarako, ezin izan ditugu erosi liburu gehiago espazio faltagatik", esan dute.

Hiru legegintzaldi atzerago hasi ziren liburutegiaren espazio faltari buruz eztabaidan, jakinarazi dutenez. Ordutik, gaiari konponbiderik ez emateaz gain, liburutegiaren beharrak ere hazten joan dira. Legegintzaldi honen hasieran egon zen beste proposamen bat, baina hura ere ez atzera eta ez aurrera lotu zen. Beraz, liburutegi berrirako lekua lortzeko aukera orain ikusten dute. Txiki Parkera zabaltzea da ikusten duten premiazko lehen pausua, "guztiok behar dugun liburutegi orokorra lortzeko bidean".