Haur Literaturako Mikel Zarate III. Sariaren deialdia zabalik da

Julen Gabiriaren "Nire aita ikusezina da" izan zen irabazlea iaz
Lezamako Udala/Elkar
Actualizado: miércoles, 1 febrero 2012 14:20

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak Haur Literaturako Mikel Zarate Sariaren hirugarren edizioa deitu dute. Haurrentzako irakurgai berriak sortzea eta idazleen lana bultzatzea dira Mikel Zarate euskal kulturaren alde lan itzela egin zuen idazle lezamarraren gomutaz antolatzen den lehiaketaren helburuak.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi duetnez, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50 aurkeztu beharko dira. Hiru ale bidali behar dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.

Idazlanak helbide honetara igorriko dira: Lezamako Udala - Mikel Zarate Saria; Aretxalde, 1; 48196 Lezama. Lanak hartzeko azken eguna apirilaren 30a izango da, eta epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, ostera, maiatzaren 31 izango da. Epaimahaia, Leire Bilbao Barruetabeña, Miren Agur Meabe Plaza eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleek osatuko dute.

Sari bakarra emango da, 3.000 eurokoa (zenbateko gordina). Epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango. Elkar aegitaletxeak kaleratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile-eskubideak.

Bestalde, 2011ko edizioan irabazle izan zen Julen Gabiriaren "Nire aita ikusezina da" eleberria aurkeztuko da otsailaren 7an, Bilboko Elkar aretoan. Iazko irabazlearen lana Patxi Gallegoren marrazkiekin hornituta dator, eta Xaguxar bilduma berrian eta koloretan argitaratuko da.