Haurdunei eta bederatzi hil arteko umeei zuzenduriko kontzertua izango da bihar EOSen egoitzan, Donostian

'Baschet' instrumentuak
EUSKADIKOORKESTRA.ES
Actualizado: viernes, 25 febrero 2011 11:10

DONOSTIA, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) antolatzen duen "Musika Familian" zikloak haurdun dauden emakumeei eta bederatzi hil arteko umeei zuzenduriko kontzertu berritzaile bat eskainiko du bihar EOSen Miramongo egoitzan, Donostian. "Soinutik... bihotzera" izenburupean, haurdunentzat eta bederatzi hilabeterainoko haurtxoentzat bereziki diseinatutako musika-emanaldia izango da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, isiltasunetik abiatuta, Carles Perez Collado eta Andreu Ubach musikari eta musikoterapeutek, bibrazio, erritmo eta sentsazioen mundu batean zehar ibilbidea proposatuko dute, kontzertura bertaratutakoak naturaren zikloekin eta norbere bihotzarekin bat egitea helburu harturik. Horretarako, sorkuntza eta inprobisazio bidez, 'Baschet' instrumentuek eskaintzen dituzten aukeretan sakonduko da eta entzuleen elkarlana berebiziko gertatuko da kontzertuaren garapenean.

'Baschet instrumentarium'-a perkusio, hari eta kristalezko 14 soinu-egiturek osatzen dute. Instrumentu-multzo hau François eta Bernard Baschet anaiek -bata eskultorea eta ingeniaria bestea- 1952an aurkitutako printzipio akustikoa oinarri harturik garatu zen, instrumentu-familia berri bat sortuz.

'Baschet' soinu-egiturek eskaintzen duten metalaren barnetik ateratako soinuen aberastasun eta aniztasunak soinu- eta musika-fenomenoaren estereotipoetatik at geratzen den zabalkundea proposatzen dute, irudimena, ikusmira eta musika-adierazpena garatzea xede dutela.

'Baschet instrumentarium'-aren balio musikal zein pedagogikoaz gain, instrumentu hauen edertasun plastikoari berebiziko garrantzia emanez garatu zen. Gauzak honela, egitura hauek, nolabaiteko musikazko-eskultura modukoak, Miroren margolan batetik edo Calder-en mobiletako batetik ateratako koloredun formak bailitzan, Londreseko Barbican Centre-n, New Yorkeko Arte Modernoko Museoan edo Sofia Erregina Arte Garaikidearen Museoan izandako hainbat erakusketatan izan dira ikusgai.

EOSeko Musika Gelak antolatutako emakume haurdunentzat eta bederatzi hilabeterainoko haurtxoentzako lehenengo kontzertu honetarako sarrerak egun gutxitan agortu ziren, baina esperientzia berri hau martxoaren 27an errepikatuko da Gasteizko Principal Antzokian, EOSek Gasteizko Udalarekin koprodukzioan antolatutako "Musika Familian" zikloaren baitan.