Haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die Donostiako Udalak gurasoei

Actualizado: lunes, 6 febrero 2017 11:48

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei, "elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea" delako, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Euskara zinegotziak adierazi duenez.

"Otsailaren 10ean bukatuko da matrikulazio kanpaina eta beste urte batez, datorren ikasturtera begira, seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek. Zentzu horretan, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena", azaldu du.

Donostiako Udalaren arabera, hiriaren egoera soziolinguistikoak (2011ko Eustaten datuen arabera 30 urtetik beherako herritar euskaldunak gehi ia euskaldunak %89,07 dira), egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena.

Horrela, Donostiako Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi ditu gurasoak, eta mezu hori helarazi die gutun baten bitartez aurten lehen aldiz seme-alabak matrikulatuko dituzten 1.525 guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, "Irria" aldizkariaren ale berezi bat banatu zaie, "Euskaraz ikasi, euskaraz bizi" izenburua duena; bertan, besteak beste, euskaraz ikasi eta euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko, komiki, ipuin eta erreportajeak jasotzen dira, gurasoek haurrarekin batera irakurri eta goza dezaten.

ETENGABEKO HAZKUNDEA

Donostian D ereduaren hazkundea etengabea dela nabarmendu dute udal arduradunek. Horrela, hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Donostian 3 urteko haurrentzat eskaintza egiten duten 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetan, D ereduaren aldeko bilakaera etengabea da eta hori agerian geratzen da azken urteetako datuei erreparatuz gero.

Hain zuzen, 1992/1993 ikasturtean D ereduan matrikulatutako haurrak %34 ziren, 2002/2003 ikasturtean %53,1, 2012/2013 ikasturtean %79,1, eta 2016/2017 ikasturtean %88,2.

"Datuok agerian uzten dute gurasoek Donostian D ereduaren alde egiten dutela eta euren seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago jakitea nahi dutela. Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko ditu beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango du. Haurrak euskaraz hazten badira, euskara haiek adina haziko da", adierazi dute.