Haurrei zuzendutako antzerki programazioaren %70 euskaraz izan zen iaz Euskal Autonomia Erkidegoan

Arriaga antzokia
Foto: EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 26 marzo 2015 14:21

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Antzokien Sarean haurrei zuzenduriko antzerki programazioaren %70 eta heldu zein gazteentzat prestatutakoaren %27 euskaraz izan zen joan den urtean, Euskadiko Antzokien Sarearen 2014. urteko memoriak bildutako datuen arabera.

   Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ostiral honetan ospatzen dela eta, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako Kultura arloko ordezkariekin batera, Euskadiko Antzokien Sarearen 2014ko memoria aurkeztu du ostegun honetan. Aurkezpenean Kultur Leioako zuzendari Ana Lopez eta Sareko idazkaritza teknikoko arduradun Nekane Basterretxea ere egon dira.

   Sarea -Euskal Antzokien Sarea- 1993. urtean sortutako erakunde arteko entitatea da, eta Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, aldundietako Kultura sailek eta Euskadiko udalek osatzen dute. Gaur egun, titulartasun publikoko 54 antzokik eta aretok osatzen dute: lau Araban eta 25na Bizkaian eta Gipuzkoan. Arte eszenikoetako programazio egonkorra koordinatzea, bultzatzea eta hedatzea da Sarearen eginkizun nagusia, giza zein ekonomia baliabideak optimizatuz eta arte eszenikoetako eremuan publikoa sortuz eta trebatuz.

   Horrela, Muñozek azpimarratu du "euskarazko antzezpen eskaintza zabala" izan zuela iaz Sareko programazioak, bai haurrentzako bai heldu zein gazteentzako, ia 90.000 ikusle erakarriz. Esan bezala, helduentzako antzerki programazioaren %27 eta haurrei zuzendutako antzerki programazioaren %70 euskaraz izan zen. Gainera, euskal konpainiek Sareko antzokietako kultura eskaintzaren %60 hartu zuten, eta ikusleen %40 erakarri zuten.

   Halaber, euskal erakundeek arte eszenikoen iraunkortasunerako ematen duten laguntza ekonomikoa handitu egin da. Horrela, Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ia 1,5 milioi euro bideratu zituen sorkuntza, prestakuntza eta produkzio eszenikoa laguntzera, 2013an baino %14 gehiago.

   Foru aldundiek udal programazio horien finantzaketaren %20 hartu zuten beren gain (825.000 euro) -hiru hiriburuetako programazioa kanpoan uzten bada-, eta %41 txartel lehiatilan bildutakoaren bitartez berreskuratu zen. Sareko antzokien programazio kostuak lau milioi eurotik hurbil egon ziren, eta bederatzi milioi Bilbo, Donostia eta Gasteiz kontuan hartuta. Aldundien finantziazioa 850.000 eurotik gorakoa izan zen 2014an, aurreko urtean baino %4 gehiago.

54 ANTZOKI ETA ARETO

   Bestalde, Euskadiko Antzokien Sarea EAEko kultura ehunean bere presentzia finkatuz doan erakunde arteko plataforma da, titulartasun publikoko 54 antzoki eta aretok osatzen duten sarearen bitartez. "Euskal udalerrien kultura dinamizaziorako ezinbesteko tresna gisa urteen poderioz finkatuz joan da sare hori", eta 1997an 29 antzokiz osatuta egotetik 2015ean 54k osatzera pasatu da.

   2014an, 509.000 ikusle joan ziren Sareak eskainitako 1.835 emanaldietara, hau da, emanaldi bakoitzeko ratioa 280 ikuslekoa izan zen. Zifra horiek "berreskuratze joera" adierazten dute 2012ko emaitzekiko, bai ikusleei (%4,4) bai emanaldiei (%6,6) dagokienez.

   Halaber, antzerkia da oraindik Sareko kultura eskaintzako genero nagusia: ia hamar emanaldietatik zazpi antzerki emanaldiak dira. Azkenik, Sarean programatutako hamar emanalditik zazpi heldu eta gazteei zuzenduta egon ziren, eta antzerkia ikustera joan ziren lau ikusletik hiru helduak ziren. Haurrentzako programazioan publikoa %7,7 gehitu zen 2013rekiko.