Haurrei zuzendutako lan ilustratuen 2015eko Etxepare Saria abian da

Actualizado: lunes, 5 enero 2015 13:57
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Dagoeneko abian da haurrentzako albumak sortzeko 2015eko Etxepare Saria. Bertara haurrei zuzendutako euskarazko lan ilustratuak (jatorrizkoak eta argitaratu gabeak) aurkez daitezke, bakarka edo idazle-ilustratzaile taldea osatuz. Maiatzaren 22a izango da lanak aurkezteko azken eguna eta epaimahaiak ekainaren 30ean jakinaraziko du bere erabakia, Galtzagorri Elkarteko iturriek jakinarazi dutenez.

   Sari honen antolatzaileak Nafarroako hainbat udaletako euskara zerbitzuak eta hainbat mankomunitate dira: Agoizko Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

   Proposamenak albumaren ezaugarriak izan beharko ditu, hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 x 21 cm baino txikiagoak izango, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izango dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).

   Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Ez da saririk emango epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago.

   Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki egingo da. Horrez gain, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare Sariaren aipamena egingo da.

IBILBIDEA

   Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek, Nafarroan literatur sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izango zen saria sortzeko asmoz, Etxepare Sariak antolatu zituzten 2004an.

   Haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan, eta 2006tik aurrera, haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko albumen sorrera bultzatzen duten beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea da hau.

   Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare Sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen du.

   2009az geroztik, Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.