Haurren lau koruk parte hartuko dute Bakearen aldeko 300 Ahots Zurien Kontzertuan Donostian eta Arantzazun

Actualizado: martes, 19 abril 2011 13:32

BILBO, 19 Abr. (EUROPA PRESS) -

Haurren lau koru onenetarikoak Bakearen aldeko 300 Ahots Zurien Kontzertuan elkartuko dira musika, bake eta baikortasun mezua zabaltzeko asmoz. Gainera, Donostia 2016an Europako Kultura Hiriburua hautatua izateko ekintzen barnean dago emanaldia. Lehen saioa apirilaren 29an izango da, 20:00etan, Donostiako Kursaalean, eta bigarrena apirilaren 30ean, 12:00etan, Arantzazuko Basilikan.

Easo Eskolania eta Easoko Araoz Gazte (Donostia), Orfeoi Donostiarra Txiki (Donostia), Bilboko Kontserbatorioko Korala (Bilbo) eta Amici Musicae (Zaragoza) abesbatzen 300 neska-mutilek parte hartuko dute kontzertu honetan. Bizikidetasuna eta guztion elkarkidetza bultzatu nahi da emanaldiokin.

Abestien zerrenda ederra interpretatuko dute taldeok: lehen zatian, bakoitzak bere kanta propioak abestuko ditu, eta bigarrenean, denek aho batez arrakasta handiko kantak abestuko dituzte, besteak beste, Beethoven-en "An die Freude" (Oda pozari), Beatles-en "All you need is love", "La vita e bella" filmeko abestia, ABBA taldearen "I have a dream" eta Mikel Laboaren "Txoriak txori".

Hasierako ideia eta proiektuaren garapena Javier Tros de Ylarduya IPD Management-eko zuzendari nagusiari dagokio. Aurten, ekitaldi kulturaletako eta kiroletako enpresa honek, Kutxaren eta Donostia 2016 hautagaitzaren (Donostiako Alkatetzaren) babesa ofiziala du.

Kontzertuaren aurkezpen ofiziala apirilaren 27an izango da, 11:00etan, Garibay kaleko Kutxako egoitza nagusian. Bertan egongo dira Odon Elorza Donostiako alkatea, Carlos Ruiz Udal donostiarreko Gizarte eta Komunikazio arloko zuzendaria, Javier Tros de Ylarduya IPD Managemenet-eko zuzendari nagusia, Santos Sarasola Easo Abesbatzaren presidentea, Gorka Miranda Easo Abesbatzaren zuzendaria eta Esteban Urzelai Orfeoi Donostiarra Txikiko zuzendaria.