Haurren marrazkiek izaki bizidunak zer diren ulertzen dutela adierazten dute

Haurrek egindako marrazkiak aztertu dituzte ikerlanerako
Foto: EHU
Actualizado: miércoles, 29 enero 2014 13:56

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko eta Gasteizko Irakasle Eskolako irakasleak diren Jose Domingo Villarroelek eta Guillermo Infantek egindako ikerketa baten arabera, haurrek egindako landareen marrazkietan zenbait elementu irudikatzeak (tartean eguzkia, euria edo hodeiak) lotura du haurren kontzeptu garapenaren funtsezko hainbat alderdirekin, izaki bizidunak zuzen kategorizatzeko gaitasunari dagokionez.

   Bi ikertzaileek gindako ikerketa 'ournal of Biological Education' aldizkariak argitaratu du. Aldizkari horrek 0,269 eragin indizea
du eta Society Biology erakundeak editatzen du, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

   Villarroelek eta Infantek 4 eta 7 urte arteko 118 haurrek landareen biziari buruz egindako marrazkiak aztertu dituzte. Irakasleek bi proba mota erabili dituzte: batek izaki bizidunen kontzeptuaren ulermen
gaitasuna aztertu du; bestea, ostera, marrazketa libreko proba bat izan da.

   Azterketatik ondorioztatu dutenez, izaki bizidunen gaineko ezagutza zehatzagoa duten haurrek maizago marrazten dituzte funtsezko elementuak (esaterako, eguzkia, euria eta hodeiak), eta ez dituzte soilik dekorazio irudi gisa marrazten.

   Horren haritik, ikerketak nabarmendu du eguzkia marrazteak lotura sendoa duela izaki bizidunen eta entitate bizigabeen artean zuzen bereiztearekin, hau da, haurrek ez dutela landareen marrazkietan eguzkia marrazten estetika hutsagatik, baizik eta badakitelako landareek eguzkiaren argia behar dutela bizirauteko. Euria, hodeiak edo lurra ere modu berean interpretatzen dituzte.

   Hortaz, azterketa honek oinarria ezarri du haur txikien marrazkiak aintzat har daitezen lehen haurtzaroan kontzeptu garapena ebaluatzeko baliabide erabilgarri gisa. Horrez gain, dirudienez pentsamenduaren eta marrazteko jardueraren artean dagoen lotura azpimarratzen duten proiektuen ildo bera jarraitzen du.