Haurren prebentzio neurrien inguruan udalei aholkularitza emateko zerbitzuak kontratatuko ditu Gipuzkoako Diputazioak

Actualizado: miércoles, 12 enero 2011 15:06

DONOSTIA, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak haur eta nerabeak babesteari eta prebentzio neurriei buruzko gaietan udal gizarte zerbitzuei aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko zerbitzuen kontratazioa onartu zuen atzo. Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeen proiektuari dagokion zerbitzua lau urtekoa izango da, 4,88 milioi euroko aurrekontua izango du eta beste bi urterako luzatu ahal izango da gehienez.

Haur eta Nerabeen gaietarako Eskualdeko Taldeak, udal gizarte zerbitzuen eta lurralde zerbitzuen jarduera eta eskumenen erdibideko egiturak dira, haurren arrisku edo babesik gabeko egoerak prebenitzeko eta behar denean esku hartzeko, foru erakundetik adierazi dutenez.

Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeen zereginean sartzen da, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapekoak diren eta honek taldeen esku uzten dituen betekizunak gauzatzea, hala nola udal gizarte zerbitzuei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea, haurren prebentzio eta babes gaietan.

Haur, nerabe eta gazteen zerbitzua, deszentralizatua denez, Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeek hurbiltasun eta eskuragarritasun handiagoa izango dute Gipuzkoako eskualdeetan jarduteko, eta aipatutako zerbitzuak Taldeen esku uzten dituen eginkizunak betetzeko. Aldi berean, Gizarte Politikako Sailaren menpe egongo direnez, koherentzia eta batasuna bermatuko dira beren jarduera-printzipioetan.