Hegazkin bat erori da Iranen eta 78 hildako eta 24 zauritu izan dira

Actualizado: lunes, 10 enero 2011 19:05

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Iran Air konpainia publikoaren Boeing 727 bat erori zen atzo Irango ipar-mendebaldean dagoen Urumiyehko aireportuan lurreratzera zihoala, eta 78 lagun hil dira eta 24 zaurituta daude, Hamid Behbahani Errepide eta Garraioetako ministroak gaur jakinarazi duenez.

Bahbahanik adierazi du ezbeharra kontrako egoera meteorologikoen eta ikuspen faltaren ondorioa izan zela, ISNA berri-agentzia irandarrak zabalduriko informazioaren arabera.

Ministroak esan du hegazkinak ez zuela su hartu lurra jo ondoren eta, "oraingoz", 78 hildako eta 24 zauritu daudela. Bestalde, Errepide eta Garraioetako Ministerioko krisien gestiorako arduradun Ahmad Majidik ISNAri adierazi dio oraindik ez dutela kutxa beltza aurkitu.

Majidiren esanetan, "istripua gertatu denean 105 lagun zeuden hegazkinean: 94 bidaiari eta 11 tripulatzaile". "26 zauritu Urumiyehn ospitaleratu dituzte, eta horietako bat egoera kritikoan dago", zehaztu du Majidik, pertsona bat desagertuta dagoela gaineratuz.

Ministerioko arduradunak azaldu du pilotuak Teheranera itzuli nahi zuela, hegaldiaren abiapuntura, alegia, "eguraldi txarrak ezinezko egiten zuelako lurreratzea". Pilotuak ohartarazi zuen ez zeukala ikuspen nahikorik lur hartzeko.

Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak dolumina adierazi die hildakoen senideei eta Behhahaniri agindu dio ezbeharraren zergatia ikertzeko eta berriro halakorik ez gertatzeko neurriak hartzeko, IRNA berri-agentziak jakinarazi duenez.