Hegaztien migrazioa Bizkaiko Golkoan itsasotik eta lurretik igarotzen da udaberrian eta lurretik udazkenean

Hegazti migratzaileen siluetak, ilargi behaketa batean
NADJA WEISSHAUPT
Actualizado: miércoles, 19 abril 2017 12:50

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Matematika Aplikatua Sailak hegaztien gaueko migrazioaren inguruan Bizkaiko golkoan eskala handian egin den lehen ikerketa egin dute, eta, erakutsi du migrazioa itsasotik eta lurretik igarotzen dela udaberrian eta lurretik udazkenean, kontrakoa uste bazen ere. Lana egiteko funtsezkoa izan da radar meteorologikoak erabiltzea behaketa ornitologikorako metodo gisa.

EHUk jakinarazi duenez, Nadja Weisshaupt ikertzaileak bere doktore tesian egindako ikerketa aitzindaria da Bizkaiko Golkoko gaueko migrazioaren azterketan, eta hainbat uste apurtzen ditu. "Uste zen fronte zabalean migratzen zutela udazkenean, baina, nire azterketan ikusi dudanez, ez da hala", azaldu du.

Izan ere, migrazio garaiei dagokienez, ikerketaren emaitzek erakutsi dute gaueko migrazio jarduera handia dagoela Punta Galean eta txikia udazken osoan. Udazkeneko mugimendua Pirinio aldera izaten da gehiago, seguru aski itsasoa gurutzatzea saihestuz. Bestalde, ilargi behaketen bidez zehaztu ahal izan da paseriformeak direla nagusi gaueko migratzaile gisa, nahiz eta hegazti urtarren ehuneko txiki bat ere erregistratu den. Paseriformeak txori kantariak hartzen dituen multzoa da.

Migrazio garaian milioika hegazti joaten dira ugaltzen diren tokitik negua igarotzen duten tokietara. Migrazio horietan, distantzia handiak egiten dituzte, eta beharrezkoa dute sarri gelditu eta indarberritzea, bidaiatzen jarraitzeko. Horregatik, paseko lekuetan ere elikatzeko eta atseden hartzeko ekosistema egokiak behar dituzte. Halakorik ez izateak ondorioak izan ditzake, bai espezie horien populazioan, bai eta kontserbazioan ere. Hori ikusirik, nahitaezkoa da migrazio estrategien berri izatea, ikuspuntu biologiko eta ekologikotik nahiz kontserbazioaren aldetik. "Espazio bat babesteko, ezinbestekoa da oinarri zientifikoa izatea", azaldu du.

Hegaztien migrazioaren inguruko ikerketa zientifiko ugari egin izan dira, fenomeno horri lotutako eredu eta dinamiketan eragina duten faktoreak aztertzeko. Euskadin, batez ere, harrapatutako hegaztiei eraztunak jarriz egin dira ikerketak. "Hala eta guztiz ere, orain arte ez zegoen daturik Bizkaiko Golkoko gaueko migrazio aktiboari buruz", gaineratu du.

Hutsune hori betetzeko, Aranzadi Zientzia Elkarteak eraztunen bidez lortutako ezagutza eta Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren Punta Galeako radarraren datu basea oinarri hartuta, Bizkaiko Golkoko gaueko hegazti migrazioa aztertu du Weisshauptek.

BEHAKETA METODOKOAK

Gauez aritzeak ikusteko aukerak murrizten dituenez eta distantzia handiak behatu behar zirenez, hiru behaketa metodo erabili ziren: radarrak, kamera termikoa eta ilargi behaketak. Radar meteorologikoak izan dira azterketaren funtsezko tresna.

Bi motako radarrekin egin da lan. Bat Euskalmetek Punta Galean duen profilagailua da. Profilagailuak haizea neurtzen du, baina, migrazio garaietan, beste seinale batzuk ere erregistratzen ditu, hegaztiei dagozkienak. "Interesgarria da, gogor aritu behar izan baitugu jendeak sinets zezan posible dela profilagailuak erabiltzea azterketa ornitologikoetarako", adierazi du Weisshauptek.

Bigarren radar motak, berriz, prezipitazioa neurtzen du. Euskalmeten Kapilduiko radarra da horietako bat. Horrelako radarren uhina profilagailuarena baino laburragoa izan arren, erregistratzen dituzte hegaztiak.

Halere, radar guztiak ez dira baliogarriak. Ikerketan ikusi denez, zerbitzu meteorologiko bakoitzak bere prozesatze eta iragazte mailak ezartzen ditu, eta, kasu batzuetan, datuek jada ez dute izaten informazio biologikorik. Hori dela eta, ezin izan dira erabili AEMETen radarrak, Bizkaiko Golkoko hegoaldeko kostaldea hartzen dutenak.

Bigarren tresna motak kamera termikoak izan dira. Objektuek igortzen duten erradiazio infragorria erregistratzen dute, eta, hala, "hegaztien tenperatura detektatzen du, 40-41 gradu izanik, kontraste argia egiten baitu giro tenperaturarekin. Kamerak aukera ematen du zehazteko behatutako hegaztiak paseriformeak diren eta banaka edo taldeka doazen. Gainera, aztertutako denbora tarteko migrazioaren norabidea eta intentsitatea ere erakusten ditu".

Azkenik, ilargi betearen aurreko bi egunetan hasi eta ondorengo bi egunetara arte egiten da ilargi behaketa. "Kasu honetan, beste sistemetatik eskuratutako informazioa osatzeko erabili da, hegazti migratzaileen konposizioa zehaztu ahal izateko", azaldu du.

EGILEA

Nadja Weisshaupt ikertzaileak (Zurich, Suitza, 1981) EHUn irakurri duen doktore tesiaren parte da azterketa hau ("The role of seas as a geographical barrier for migratory landbirds. An approach to the Bay of Biscay"). Ikerketa Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin egin da.

Landa lana Euskadin egin da batez ere, nahiz eta zati bat Errioxan gauzatu den. Punta Galea eta Kapilduiko radarren datuak Euskalmeten laguntzari esker eskuratu dira, eta Frantziako datuak, berriz, Meteo Francek eman ditu. Bestalde, COST ENRAM ekintzei esker, bi egonaldi zientifiko egin ziren atzerrian.