Hela Fattoumi eta Eric Lamoureux koreografoen "Manta" dantza-ikuskizuna izango da bihar AlhondigaBilbaon

"Manta" ikuskizunaren irudia
ALHONDIGABILBAO
Actualizado: miércoles, 2 marzo 2011 12:16

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Hela Fattoumi eta Eric Lamoureux koreografo frantsesek "Manta" dantza-ikuskizuna aurkeztuko dute bihar AlhondigaBilbaon, iluntzeko 20:00etan hasita. Ekitaldia auditoriumean izango da, eta Dantzaldia egitarauaren 12. edizioaren barruan egongo da sartuta; hain zuzen ere, jaialdi hori martxoaren 31ra arte egingo da Bizkaiko hiriburuan.

Zentroko iturriek jakinarazi dutenez, "Manta" ikuskizunak, mugimendu plastikoen bitartez, belo islamiarraren erabileraren kontrako errebolta artistikoa proposatzen du. Emanaldiaren ostean, topaketa egingo da bi koreografoekin, eta horretarako, aldibereko itzulpena egongo da. Sarrerak hamar euroko prezioa du (BBKren kutxazainetan salgai).

Hela Fattoumi eta Eric Lamoureux koreografoek Rene Descartes Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, eta 1988an, Urvan Letroiga konpainia sortu zuten. Handik denbora gutxira, 1990ean, Husaïs bikoteak lehen saria lortu zuen Bagnoleteko Nazioarteko Lehiaketan, eta, horren ondorioz, ospea lortu zuten nazioartean.

Hortik aurrera, piezaz pieza, bilaketa-espazioaren mugek zehaztutako ibilbidea finkatu dute; hain zuzen ere, euretako bakoitzaren ezaugarrien loturan oinarritutako mugak bilatu nahi izan dituzte. Espazio horretan, gorputzaren inteligentzia sentikorra aztertzen dute, eta gauza bera egiten dute inteligentzia horrek esanahiak argitzeko daukan boterearekin, hori ere mugimenduan doan pentsamendua baita.

2001etik 2004ra, Hela Fattoumi SACDeko (Societe des Auteurs Compositeurs Dramatiques) presidenteordea izan zen. Era berean, Festival d'Avignon jaialdiko "Vif du sujet" ataleko programazioaz arduratu izan da. 2006tik 2008ra, ACCNko (Association des Centres Choregraphiques Nationaux) presidentea izan zen.

2004an, Caengo CCNren zuzendaritzarako izendatu zituzten, eta Hela Fattoumi-k eta Eric Lamoureux-ek euren ibilbidearekin jarraitzen dute, tonu sozial indartsuko piezak eginez eta irtenbide poetiko eta estetikoak bilatuz.