Helikon Teatroren "Cinco horas con Mario" lanaren moldaketarekin hasiko da ostegunean Bilboo Zirkuitua

"Cinco horas con Mario" lanarekin hasiko da Zirkuitua
BILBOKO UDALA/ZIRKUITUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 18 febrero 2013 14:23

BILBO 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Zirkuitua ekimenaren hamabigarren edizioa hasiko da ostegun honetan, otsailaren 21ean, Otxarkoagako Udaltegian, arratsaldeko 19:30ean, Helikon Teatro taldeak eskainiko duen Miguel Delibesen "Cinco horas con Mario" lanaren moldaketarekin.

Arte eszenikoen alorrean bertako taldeen jarduera bultzatu nahi duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Zirkuitua programak oso ikuskizun anitzak proposatuko ditu urtearen hasieran, euren lana Bilbon egiten duten hamar talde amateurren eta erdi-profesionalen proposamen berritzaileenak, alegia.

Horrela, apirilaren 25era arte, Otxarkoaga, Begoña, Abando-Barrainkua, Altamira, Castaños, San Frantzisko, Basurtu eta Errekaldeko udaltegiek eta Solokoetxeko institutuak, umorezko antzerkia, gizarte kritika egiten duen antzerkia, dantza eta zirkuarekin edo operarekin nahasten diren beste lan batzuk jasoko dituzte, 12 ikuskizun guztira.

Horrez gain, Zirkuituaren barruan ohikoak diren bi konpainiak -Malabrigo eta Totum taldeek- bi estreinaldi eskainiko dituzte. Aurtengo edizioan parte hartuko duten gainerako taldeak hauek izango dira: Doos Colectivo, Laressistens, Oh my god!, Ekoma Teatro, Luna Llena, Hipo y Condrias eta Miren De Miguel.

Aipatu bezala, egitaraua ostegun honetan hasiko da, Otxarkoagako udaltegian. Arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta doako sarrerarekin, Helikon Teatro taldeak Miguel Delibesen "Cinco horas con Mario" lan klasikoaren moldaketa eskainiko du, Julio Rodriguezen zuzendaritzapean.

Otsailaren 27an, antzerkia Begoñara helduko da, "Mírame cuando te hablo" lana eskainiko baitu Doos Colectivo konpainiak. Eva Guerrerok sortutako antzerki eta dantza garaikide proiektua da, genero indarkeriari buruzkoa, estetika mailan oso modu minimalistan bideratua, alde didaktikoa ahaztu barik.

Hilabete honetako programazioa San Frantziskoko Udaltegian itxiko da, otsailaren 28an, Malabrigoren "Two" lanarekin. Kepa Ybarrak zuzendutako "Two" edozein tabernaren eta bertatik igarotzen diren pertsonaia guztien istorioa da.

Apirilaren amaierara arte, Bilboko Zirkuituak eskaintza eszeniko anitza izango du, programaren barruan oso ibilbide luzea daraman Totum konpainiaren beste estreinaldi batekin. Arrate Etxeberriak eta Maria Urcelayk zuzendutako "De vuelta" antzezlana istorio bitxi eta bizitzaz betea da. Bertan, zirkuko zenbait emakume berriro elkartuko dira, inoiz burutu ez zuten saio bikaina prestatzeko.

Horrez gain, programazioak komedia ere eskainiko du, besteak beste, Luna Llena taldearen "Gente guapa, gente importante", Oh my god! konpainiarne "Zer duzu, Amy?" edo Miren De Miguelen "Tutte contro Verdi" lana. Horrez gain, familia osoari zuzendutako ikuskizun bat ere izango da, Castañoseko eta Altamirako udaltegietan eskainiko den Cristina Blancoren eta Ekoma Teatroren "Rosalinda sous le ciel", alegia.

Contenido patrocinado