Hericoast-Interreg Europa proiektuko kideek Lea Artibai bisitatu dute

Proiektu europarreko kideak Markinan
LEARTIBAI GARAPEN AGENTZIA
Actualizado: miércoles, 1 febrero 2017 14:22

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Hericoast-Interreg Europa itsas eta ibai lurraldeetan kostaldeko kultura ondarea kudeatzeko lurralde politikak hobetzea helburu duen proiektu europarreko kideek Lea Artibai eskualdea bisitatu dute, Leartibai Garapen Agentzia proiektuan parte hartzen ari baita, ondarearen ustiapen eta babes ekintzen arteko oreka lortzeko bidean.

Interreg Europa ekimenaren barruan kokatzen den eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) diru laguntza jaso duen proiektuak bost urteko iraupena izango du, Leartibai Garapen Agentziaren iturriek jakinarazi dutenez.

Horrela, proiektuaren helburu nagusiak dira aisialdiaren garapen ekonomikora bereziki zuzendutako ondare natural eta kulturalaren kudeaketa politikak baloratu eta garatzeko eremu metodologikoa eraikitzea; kostaldeko kultura ondarea balioan jarri eta kontserbazioaren kudeaketa integral bat lortzeko ikaskuntza praktikoa eta esperientzien elkar trukaketa sustatzea; azkenik, proiektuko lurraldeen eta agente ezberdinen arteko praktika onak ezagutzera ematea.

Ildo honetan, eta proiektua koordinatu eta praktika onak ezagutzeko asmoz, urtarrilaren 23, 24 eta 25ean, Hericoast proiektuko kideak Lea-Artibain izan ziren. Hiru egunetan zehar eskualdea ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste, Markina-Xemein (Arretxinagako ermita, Frontoia eta Zesta Puntaren historia), Ondarroa (Atxeternu, Portua, alde zaharra, Hondartzako eta Calatrava zubiak) eta Lekeitio (Mendieta, eliza, Santa Katalina Itsasargiko Interpretazio Zentroa, Lea Ibilbidea, Bengola Natur Energien Interpretazio Zentroa).

Horrezaz gainera, bertoko produktuak dastatzeko aukera izan zuten eta Pasaiako Albaola museoa, Donostiako Ontzi museoa eta Getaria bisitatzeko astia ere izan zuten.

"Bisitaren ostean, eskualdean dugun ondare natural eta kulturalarekin eta inguratzen gaituen paisaiarekin liluratuta gelditu dira Europako kideak eta datorren maiatzean Erresuma Batuan ospatuko den Marinescape Forum izeneko ondarearen inguruko topaketara gonbidatu gaituzte", azaldu du.

HERICOAST

Leartibai Garapen Agentziarekin batera, Hericoast proiektuan Vest Adger Diputazioak (Norvegia), Gaztela eta Leongo Juntak (Espainia), Molise eskualdeak (Italia), Donegal Diputazioak (Irlanda), Tulcea eskualdeak (Errumania), CIVISCAPEk eta Amsterdameko Unibertsitateak (Holanda) parte hartzen dute.

Lea-Artibai eskualdeari dagokionez, tokiko lantaldearen barruan, ondarearen inguruko politikak garatzen dituzten erakundeekin elkarlanean ari da: Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saila, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Ondare Kulturaleko Zuzendaritza, Hazi, Basquetour, Lea Artibaiko udalak eta enpresa sarea (enpresa eta kofradia elkarteak barne), kultura eta ondare elkarteak eta biztanleria orokorrean.