Heriotzek %4,7 egin zuten behera 2010eko hirugarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoan

Actualizado: viernes, 25 marzo 2011 11:26

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 4.070 lagun hil ziren 2010. urteko hirugarren hiruhilekoan, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %4,7 gutxiago, Eustaten datuen arabera.

Hildakoen %47 (1.905) emakumezkoak izan ziren, eta %53 (2.165) gizonezkoak. Lurraldeka, Araban 510 pertsona hil ziren, Bizkaian 2.284 eta Gipuzkoan 1.276. Hildakoen %12k 60 urte baino gutxiago zuten, %32k 60-80 urte bitartean eta %56k 80 urte baino gehiago.

Heriotzen kausa nagusia tumoreak izan ziren, 1.372 lagun hildakorekin (%33,7); bigarren heriotza-kausa zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izan ziren eta 1.132 heriotza eragin zituzten (%27,8); hirugarren arnas eritasunak izan ziren, 327 heriotzarekin hiru hileotan (%8,0).

Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean. Horrela, gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino, eta emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren. Arnas aparatuko gaixotasunak hirugarren heriotza-kausa izan ziren sexu bietan.

Bestalde, joan den urteko hirugarren hiruhilekoan hildakoen arteko 14 pertsona urte batetik beheragoko haurrak izan ziren: zortzi mutiko eta sei neskato.

Azkenik, 2010eko hirugarren hiruhilekoko hazkunde begetatiboa positiboa izan zen, 1.189 laguneko irabaziarekin. Saldo positiboak izan ziren hiru lurralde historikoetan: Arabak 292 biztanle irabazi zituen, Bizkaiak 396 eta Gipuzkoak 501.