Herrialde eleaniztunen edo hizkuntza gutxituak dituztenen profesionalen bilkura bat izango da Zinemaldian

Actualizado: miércoles, 17 septiembre 2014 12:29
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak "Topografiak. Beste hizkuntza batzuetako filmografien ikusgaitasuna, koprodukzioa eta nazioartekotzea" izenburuko lan saioa antolatu du 62. Donostian Zinemaldiaren baitan, irailaren 23an, Europa Creativa Desk Media Euskadi programarekin batera. Beste zenbait herrialderen artean, Euskadi, Finlandia, Suitza, Flandria, Islandia eta Letoniako erakunde ordezkariek eta kultur eragileek hartuko dute parte.

   Europako hizkuntza nagusietan sortzen den zinemagintzatik haratago -ingelesa, frantsesa, alemana, espainiera edo italiera-, bada Europan bestelako mapa zinematografiko bat ere, zinema ekoizpen ezezagunagoek osatzen dutena, komunitate eta kultura eleaniztunetan sortutako ekoizpenak, sarritan, hizkuntza gutxituetan filmatuak izan ohi direnak.

   Horrela, ikus-entzunezkoen arloan esparru eta zirkuitu berriak aurkitzea eta egoera konplexuak bizi dituzten beste kulturekiko harremanetik ikaspen onuragarriak ateratzea izango dira bilkurako parte hartzaileen erronkak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   "Antzeko esperientziak elkarrekin partekatzeak ideien truke interesgarria sor dezake, arazoei aurre egiteko baliagarriak, arazook ere, berdintsuak izaten baitira kasu batzuetan eta besteetan, hala nola: ikusgaitasuna, nazioartekotzea, koprodukziorako aukerak edo Europako beste mapa filmiko hori osatzen duten ikus-entzunezko produktuen iraunkortasuna", azaldu du.

   Jardunaldian zehar, zinemari babesa ematen dioten ordezkariek honako gai hauei helduko diete, euren iritziak besteekin partekatuz:
hizkuntza nahiz kultura konplexutasun honek sortzaileentzat eta industriarentzat dakartzan aukera eta erronkak; herrialde eta hizkuntza hauetan sortutako zinematografia nazioartekotzeko aukerak; koprodukzioetarako bazkideak aurkitzea; masa kritiko txikiko hizkuntzetan sortutako ekoizpenen bideragarritasuna edo iraunkortasuna; laguntza publikoekiko menpekotasuna; eta kultur ekoizpenen promoziorako erakunde, industria eta sortzaileen arteko aliantzak osatzeko aukera.

   Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak lan ildo bat dauka irekia, elkarlanerako foro eta plataformak bultzatu eta, horrela, kultura eragileei herrialde eleaniztun edo hizkuntza gutxituetako profesional nahiz erakundeekin esperientziak partekatzea ahalbidetzeko, beti ere promoziorako, koprodukziorako eta elkartrukerako bideak zabaltzea helburu hartuta. "Azken finean, Europako kultura topografia balioestea da kontua, hizkuntza nagusietan sortzen diren kultura produktuetatik haratago", azaldu du.

   Eusko Jaurlaritzako ordezkari, eta ikus-entzunezkoen sektorera bideratzen diren laguntza publikoen kudeaketaren ordezkari, lan saioan partaide izango dira Clara Montero Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Ainhoa Gonzalez Europa Creativa Media Desk Euskadi programaren koordinatzailea.

   Zinemaldiaren agenda profesionalean txertatuta dagoen lan saioa irailaren 23an egingo da, Donostiako Aquarium jatetxean. Ondorioak hurrengo egunean aurkeztuko dira Kursaalen, zinema industriaren aurrean gaia eztabaidagai jartzeko burutuko den saioan.

BESTE EKINTZA BATZUK

   "Bestelako topografiak" ez da Eusko Jaurlaritzak 62. Donostia Zinemaldian ikus-entzunezkoen sektorearen babesean bultzatuko duen ekitaldi bakarra, eta horrela, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak "Filming in the Basque Country. Euskadin errodatzea" ere sustatuko du.

   Euskadik filmaketetarako dituen erakargarritasunak aurkeztuko zaizkie prentsa akreditatuari eta zinema industriari. Basquetour agentziarekin eta hiru euskal Film Comissionekin elkarlenean antolatutako koktelean, filmaketetetarako Euskadi aukeratzeak zein abantaila eta pizgarri dituen azalduko da. Itziar Agirre Zerga Administrazioko zuzendariak Euskadin filmatzeko eskaintzen diren zerga pizgarri nagusiak aurkeztuko ditu. Ekitaldia larunbatean, irailaren 20an, izango da, 13:00etan, Kursaaleko prentsa klubean.

   Halaber, joan den uztailean "Koprodukziorako proiektuei aholkularitza" deialdia zabaldu zen, koprodukziorako bokazioa duten proiektuek Juan Gordon ekoizle entzutetsuaren aholkularitza eska zezaten. On line nahiz aurrez aurre zenbait bilkura burutu ondoren, aholkularitza jaso zuten zazpi ekoizleei bilerak hitzartu zaizkie Zinemaldiko koprodukzio foroan, nazioarteko koprodukzioa lortzen laguntzeko.

ZINEMA EUSKARAZ

   Bestalde, ziklo berria izango da aurten Donostia Zinemaldian: Zinema Euskaraz. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sustatutako izen bereko programaren bidez euskarara itzulitako filmen hautaketarekin osatuko da zikloa, haurrei zuzendutako filmekin batik bat.

   Aurten jaio baina hurrengo urteetan jarraitu asmo duen zikloak zortzi film eskainiko ditu, haurrek ere euskarazko filmak ikusteko aukera izan dezaten Zinemaldiaren egitarauan.

   Halaber, euskal zinemari eskainitako Zinemira atala, Eusko Jaurlaritzaren eta Zinemaldiaren arteko elkarlanetik jaioa, sendotua dago dagoeneko Zinemaldian. Aurten sei film luze eskainiko ditu, eta Kimuak katalogoko beste zazpi film labur.

   Zinemira sailetik haratago, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako bi film estreinatuko dira aurten sail ofizialean, euskal zinearen presentzia zabala izango duen edizioan. "Lasa eta Zabala" da bata, Pablo Malorena, eta "Loreak" bestea, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena. Azken hau sail ofizialean lehian izango da.

   Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza jaso duten beste bi lan ere estreinatuko dira Zinemaldian: bata Zabaltegi sailean, Borja Cobeagaren "El negociador", eta bestea Belodromoan, Ricardo Ramonek eta Beñat Beitiak zuzendutako "Dixie eta matxinada zombia" animazio lana.