Herritarrekiko harreman zuzena duten udal espazioetan elebitasuna bultzatzeko ekimena jarri du abian Bilboko Udalak

Ana de Castro Bilboko Udaleko euskara zinegotzia, Elebi logotipoaren aurkezpenea
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 15 febrero 2011 13:16

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara Sailak herritarrekiko harreman zuzena daukaten udal espazioetan elebitasuna bultzatzeko ekimen bat jarri du martxan: Elebi logotipoa. Hiriko zortzi barrutietako udaltegietako informazio guneetan, udal eraikinetako informazio bulegoetan eta Udal Sareko Liburutegietan jarriko da logotipoa, eta euskaraz hitz egin nahi duten herritarrek hala egin dezaketela eta euskaraz erantzungo dietela jakingo dute ekimen berriari esker. Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia izan da logotipoa aurkezteko arduraduna.

Ekimen berriarekin, Bilboko Udalak beste urrats bat eman nahi du administrazio elebiduna lortzeko, beti ere indarrean dagoen Euskararen Erabilera Planaren barruan. Plan hori 1999an onartu zen eta gaur egun laugarren fasean dago. Bere helburu nagusia da euskara, hizkuntza ofiziala den neurrian, zerbitzuko hizkuntza eta komunikatzeko ohiko tresna bihurtzea.

Horrela, bada, Elebi logotipoari esker, pertsona elebidun bat udal bulegoetara doanean, leku horretan udal langilearekin euskaraz egin dezakeela jakingo du, eta hark euskaraz erantzungo diola. Azken batean, komunikazioa erraztu nahi da.

Bilboko Udaleko Euskara Saila BilbaoArterekin aritu da lanean Elebi logotipoaren euskarri desberdinak garatzeko, funtzionarioei erabilera errazteko eta informazio leku horietara doazen herritarrek erraz ikus dezaten.