Hizkuntza ohituratan eragiteko ekimen berria aurkeztu dute

Jardunaldien bigarren egunean aurkeztu dute ekimena
UDALTOP
Actualizado: viernes, 12 mayo 2017 13:10

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Hizkuntza ohitura eta erabilera praktikatan eragiteko proposamen berria aurkeztu dute ostiral honetan Udaltop jardunaldietan Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Ekimenak herritarren eta erakundeen erronketan izango du ardatza.

Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kulrtur Etxean egiten ari diren Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketatan aurkeztu dute proiektua, euskara zerbitzuetako arduradun eta euskararen gizarte eragileen hainbat ordezkariren aurrean. Kike Amonarriz soziolinguistak gidatu du ekitaldia.

"Euskarak 365 egun" dinamikaren baitan euskararen erabilera soziala areagotzeko eta hizkuntza praktika berriak bultzatzeko ekimenak bultzatuko dituztela iragarri dute bi erakundeetako ordezkariek. Herriz herri hizkuntza ohiturak aldatzeko martxan jarri diren esperientziak oinarri hartuta, hurrengo urteetan ekimenok hedatu eta euskararen lurralde osoan elkarrekin eragiteko proposamena da ostiral honetan aurkeztutakoa.

Lan ildo berri honetan, herritarren hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, gizarteko era guztietako erakunde eta entitateek hizkuntza praktika berriak bultzatzeko neurriak hartzea sustatuko dela azpimarratu dute.

Udaltop topaketan hizkuntza ohiturek euskararen erabileran duten eragina nabarmendu da, eta egitasmo berriak "zuzenean landu nahi ditu hizkuntza portaera eta ohiturak". Horretarako, hurrengo bi urteetarako ekimen eta erronka zehatzak iragarri dituzte.

"Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin!" ekimena izango da lehenengoa, herritarrak euren harremanetan euskara erabiltzeko hizkuntza praktika berriak proposatuko dituena. Azken urtean hainbat herritan egindako esperientziak oinarri hartuta, Euskal Herri osoan aldi berean burutzea da proposatutako lehen erronka. Besteak beste, Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Lasarte-Orian, Hernanin edo Arrigorriagan izan dira antzeko proiektuak.

Halaber, praktika sozial berriak erraztuko dituzten neurri sozialak hartzera gonbidatuko dira era guztietako erakunde eta eragileak ondoren, bigarren erronkan.

ELKARLANAREN GARRANTZIA

Egitasmoaren aurkezpenean, abian jarriko elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu dute bi erakundeetako arduradunek, eta Jaurlaritzaren eta Euskaltzaleen Topagunearen arteko elkarlanetik sortutako egitasmoa,
administrazio publiko eta euskararen gizarte eragileen parte hartzera zabalik dagoela jakinarazi dute.

Hain zuzen, "proposamen irekia" dela azaldu du Estibaliz Alkorta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Udaltop topaketek balio izan dute bertaratuek lehen ekarpenak egin ahal izateko.

Halaber, Euskaltzaleen Topaguneko ordezkari Iker Martinez de Lagosek adierazi du hurrengo hilabeteetan ekimenaren koordinatzaileek ekarpenak jasotzen jarraituko dutela, ahalik eta eragile gehien proiektura batzeko helburuarekin.