Hetel, Confebask, Txorierri Politeknika eta Adegik 60 Global Training beka gestionatuko dituzte

Gazte batzuk praktikak egiten
CAIB
Actualizado: viernes, 9 junio 2017 13:12

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Hetel, Confebask, Txorierri Politeknika eta Adegi erakundeen artean egindako itunak 60 beka gestionatuko ditu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak atzerrian praktikak egiteko aurki abian jarritako Global Training programaren barruan. Programak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) tituludun gazteen nazioarteko mugikortasuna erraztu nahi du. Bekaren bitartez, mundu zabaleko enpresa eta erakundeetan euren profil akademikoaren araberako jarduerak eta proiektuak gauzatzeko aukera izango dute.

Halaber, erakundeok Global Training beken inguruan lortutako akordioak lau erakundeen arteko lankidetza bultzatuko du. "Laurak ere erreferenteak dira arlo horretan eta esperientzia luzea dute nazioarteko mugikortasunaren arloan, Global Training beken aurreko edizioetan parte hartu dutelako eta aurretik ere Europako Erasmus eta Leonardo da Vinci programetan parte hartu dutelako", Confebaskeko iturriek nabarmendu dutenez.

Global Training bekek enplegagarritasuna hobetzea eta gazteak nazioartera irtetea dute helburu, haien prestakuntza eta gaitasun profila euskal enpresen lehiarako beharretara hobeto egokitzeko.

Bekak eskuratzeko orduan, honako ezaugarri hauek hartuko dira aintzat hautagaien artean: praktikak egiteko enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea, horien jarduera eremurako berariazko prestakuntza izatea eta eskainitako proiektuan eta lan programan parte hartzeko hizkuntza maila eta motibazioa izatea.

Bekek sei hilabete iraungo dute gutxienez eta onuradunek batez beste 1.358 euro jasoko dituzte hilean. Kopuru horrekin, onuradunak helmugako lurraldera joateko gastuak, mantenua, ostatua eta Gizarte Segurantzako kotizazioa beteko dira. Orobat, bekak osasun aseguru bat eta erantzukizun zibileko beste bat hartzen ditu barne praktikaldian zehar.

PRESTAKUNTZA

Euskaditik irten aurretik, bekadunek 50 orduko prestakuntza jasoko dute. Formakuntzan, praktikari ekiteko modua ez ezik, kulturen arteko negoziazioa, komunikazio teknikak, elkarlana, adimen emozionala, berrikuntza eta beste alderdi batzuk ere landuko dituzte. Hautatuak azarotik aurrera joango dira helmugara: AEB, Alemania, Belgika, Brasil, Erresuma Batua, Errumania, Frantzia, Grezia, Hego Amerika, Herbehereak, Hungaria, India, Indonesia, Irlanda, Israel, Mexiko, Panama, Polonia, Txekiar Errepublika, Txile eta Sri Lanka.

Global Training bekak eskatzeko epea datorren asteazkenean hasiko da, ekainaren 14ean, eta uztailaren 14an amaituko da. Bekak eskuratzeko baldintzen artean daude eskaera epea bukatu aurretik lortutako lizentziaren, diplomaturaren edo Lanbide Heziketako Goi Mailako tituluaren jabe izatea; EAEn administrazio bizilekua izatea 2017ko urtarrilaren 1ean, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin; 30 urte beteta ez izatea 2017ko urtarrilaren 1ean.

Halaber, beste baldintzak dira atzerrian sei hilabeteko edo gehiagoko praktikak egiteko aukera ematen duten beste beka batzuen onuradun ez izatea; ingelesezko B2 maila, C1 edo CAE maila aurreratua izatea; diru laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duten zigor administratiboa edo penala ez izatea eta horretarako gaitasunik gabe uzten duen legezko debekupean ez egotea.