HETELeko Lanbide Heziketako 123 ikasle Europako hamar herrialdetan daude enpresetan praktikak egiten

HETELeko ikasleak
Foto: HETEL
Actualizado: miércoles, 23 abril 2014 13:45

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   HETEL Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Zentroen Elkarteko Lanbide Heziketako 123 ikasle Europako hamar herrialdetan daude, Leonardo eta Erasmus programen bitartez, enpresetan praktikak egiten.

   Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako (LH) 21 zentrok osatzen duten HETELek urtero bultzatzen ditu bere ikasleak Europako enpresetan hiru hilabeteko praktikaldia egitera, eta ikasleen kopurua halako bi handitu da azken urteetan: 2007-2008 ikasturtean, LHko 69 ikaslek hartu zuten parte zortzi herrialdetako enpresetan, eta gaur egun, 123 gazte ari dira parte hartzen hamar herrialdetan.

   Horrela, 123 ikasle horiek (33 neskak dira), gehienak goi mailako heziketa zikloetako bigarren mailakoak, Europako puntako enpresetan daude honezkero, eta han jarraituko dute ekainera arte. Europako zenbait herrialdetako enpresetan egiten dira praktikak, hala nola Ingalaterrako, Irlandako, Holandako, Finlandiako, Italiako, Alemaniako, Maltako, Poloniako, Txekiar Errepublikako eta Eskoziako enpresetan.

   Egun, ikasleek honako enpresa eta erakunde hauetan egiten dituzte praktikak, besteak beste: Eindhoveneko DAFen (Holanda), Krakoviako Electroluxen (Polonia), Corkeko The Great Chernobyl Causen (Irlanda) eta hainbat unibertsitatetan, esate baterako, Birminghameko Bournville Collegen (Ingalaterra). Praktikak amaitzean, enpresa eta erakunde horien %20k lan kontratua eskaintzen diete ikasleei, eta haietako batzuek onartu egiten dute.

   HETELeko iturriek jakinarazi dutenez, ekimenari Lantokiko Prestakuntza esaten zaio, eta elkartea duela hamar urte baino gehiago hasi zen aktiboki parte hartzen.

   Ekimena Erasmus eta Leonardo Europako mugikortasun programen baitan dago (Erasmus goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat da eta Leonardo erdi mailako heziketa zikloetakoentzat). Praktikak egitera atzerrira joan diren Lanbide Heziketako 123 gazteetako gehienak goi mailako heziketa-zikloetako bigarren mailako ikasleak dira, 21 urte inguru dituzte, eta martxoa eta ekaina bitartean egingo dituzte praktikak.

   Ildo horretan, HETELek, berrikuntzarako joera duen aldetik eta nazioartekotzea aintzat hartzen duenez, programa horietan parte hartzeko aukera ematen die bere zentroetako ikasleei, prestakuntza Europara ireki dadin sustatze aldera. Halaber, Erasmus eta Leonardo programen bekei esker, ikasleek beren hizkuntza gaitasunak garatu eta beren prestakuntza enpresen beharretara egokitu dezakete, gero eta globalizatuago dagoen merkatuan.