HETELen LHko 220 ikasle praktikak egiten ari dira atzerriko enpresetan Eramus eta Leonardo programei esker

Actualizado: lunes, 14 marzo 2011 14:35

BILBO, 14 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Lanbide Heziketako (LH) itunpeko 21 ikastetxerik garrantzitsuenek osatzen duten HETEL elkarteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetako 220 ikasle inguru Europako hainbat herrialdetako enpresetara joan dira praktikak egitera. Ekimen hau mugikortasun programa europarren baitan dago, zehazki, Erasmus programan (Goi mailako heziketa zikloetako ikasleen kasuan) eta Leonardo programan (Erdi mailako heziketa zikloetako ikasleen kasuan).

Horrela, aurten Lantokiko Prestakuntza (LP) beste herrialde baten egingo duen HETELen ikasleen kopurua 2000koa baino hamar aldiz handiagoa da, eta gainera, praktikak egitera doazen herrialdeak urtez urte areagotu egin dira.

HETELen ikastetxeok 15 urtez jarraian hartu dute parte horrelako ikasleen mugikortasun programetan, ikasleek beste Europako herrialde batzuetako enpresetan hiru hilabeteko praktikak egiteko. Aipatutako programak Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien babesa izan ohi du, eta Confebask eta BBKren laguntza ere bai.

Ildo horretan, HETELek, ezaugarri dituen berrikuntza nahiarekin eta nazioartera irekitzeko asmoarekin bat, Europako dimentsioari prestakuntzan sarbidea eman nahi dien programa hauetan parte hartzeko aukera eskaintzen die ikastetxe elkartekideetako ikasleei. Halaber, programa hauetako beken bidez, hizkuntza-gaitasuna garatzeaz gain, prestakuntza enpresen beharretara ere egokitzen da.

Horrez gain, ikasleentzat "esperientzia ahaztezina" izaten da, eta aldi berean ikasleek landutako gaitasun osagarriei esker, lan profila hobetu egiten da, eta enpresa munduan sartzeko aukerak ugaritu. Orain arte, programatik bueltan etorritako ikasleen artean lan munduan sartutakoen kopurua oso handia izan da.

Aurten praktikak egiten ari diren 220 ikasle hauetako gehienak goi mailako heziketa zikloetakoak dira, 21 urte inguru dituzte eta atzerriko enpresetan martxotik ekainera egingo dituzte praktikak. 220 ikasle hauetatik 58 Arabako HETEL ikastetxeetakoak dira (Gasteizko, Diocesanas eta Jesus Obrero), 80 Bizkaiko HETEL ikastetxeetakoak (Zabalburu ikastetxea, Deustuko Salesiarrak, Indautxuko Kimika eta Elektronika Eskola, Politeknika ikastegia Txorierri, San José Maristak, Lea Artibai ikastetxea, Zulaibar, San Viator eta Somorrostro ikastetxea).

Beste 82 ikasleak Gipuzkoako HETEL ikastetxeetakoak dira (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, ETEO, Urola Garaiko Lanbide Eskola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Irungo La Salle, Nazaret zentroa, Goierri Eskola, La Salle Berrozpe eta Urnietako Salesiarrak).