Hezkuntza Saileko lan eskaintza publikoa abiatu da lehen azterketekin

Lehen probara aurkeztu diren izangaiak
HEZKUNTZA SAILA
Actualizado: jueves, 21 junio 2018 11:33

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2018rako antolaturiko lan eskaintza publikoa hasi da ostegun honetan, Barakaldoko BECen egin diren lehen azterketekin. Zehazki, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikarien Kidegoan sartzeko lehen proba egin da goizean, eta 345 izangaik egin dute.

Kalitatezko enplegu publikoa sustatu eta euskal hezkuntza sistemako irakasleei egonkortasun handiagoa emateko asmoz, Hezkuntza Sailak 1.511 plaza eskainiko ditu orotara 2018ko lan eskaintza publikoan. Horien artean daude ostegun honetan oposizio fasea hasi duten Lanbide Heziketako Irakasle Teknikarien 174 plazak.

Plaza horiez gain, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan ere Lanbide Heziketarekin lotura estua duten zenbait espezialitate daude. Horrela, lan eskaintza publikoan Lanbide Heziketarekin lotura duten plazak 406 dira: 174 plaza Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen
Kidegoan, eta beste 232 plaza gorago aipaturiko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan.

Hain zuzen ere, lan eskaintza publikoko hurrengo hitzordu nagusia Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko lehen proba izango da, larunbatean, ekainaren 23an, BECen bertan. Bigarren Hezkuntza zein Lanbide Heziketarako 1.337 plaza eskainiko dira.

Orotara, 2018ko lan eskaintza publikoak 1.511 plaza eskainiko ditu, Bigarren Hezkuntzako Irakasle eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoetako plazak batuz gero.