Hezkuntzarako I. App Azoka ospatuko da ostiralean EHUko Leioako campusean

Actualizado: jueves, 10 diciembre 2015 12:27

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Hezkuntzarako I. App Azoka ospatuko da ostiral honetan, abenduaren 11an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Leioako campusean. Bertan, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko eta Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako gradu eta graduondoko ikasleek sakelako telefonoetan exekutatzeko diseinatu eta sortu dituzten 12 aplikazioak erakutsiko dira. EHUko bi ikastetxeek elkarlanean egin duten lankidetza proiektuaren ekitaldi gorena da ostiralekoa.

   EHUk jakinarazi duenez, ekimen berritzaile hau Telekomunikazioko Ingeniaritzako Masterreko "Tecnologías Telemáticas Avanzadas" eta Lehen Hezkuntzako Graduko "Lenguas e Innovación en la escuela" irakasgaietan burutu da, eta bere helburua hezkuntzarako aplikazioak sortzea izan da. Horretarako, talde heterogeneotan egin dute lan Irakaskuntza zein Ingeniaritzako ikasleek.

   Zehazki, Irakaskuntzako ikasleek, hezkuntzarekin lotutako arlo ezberdinetarako aplikazioak diseinatu dituzte, batez ere hizkuntzen ikasketara zuzenduta daudenak, eta Ingeniaritzakoek, berriz, app bakoitza eraiki edo programatu dute, aurretik erabakitako diseinu horietan oinarrituta. Prozesu osoan zehar, bi ikastetxeetako ikasleak elkarren artean kontaktuan egon dira.

   Proiektu honen ondorioz, tresna interesgarriak sortu dituzte, besteak beste, SiConSignos, pertsona gorrekin komunikatu ahal izateko aplikazioa; ABU APP, adineko jendeari euskara hurbiltzekoa; GuztiokEuskarApp, euskaldunak ez diren gurasoek seme-alabekin egunerokotasunean euskaraz aritzeko erraztasunak eskaintzen dituen tresna; edota TravelAthlete, goi mailako kirolariei zuzenduta. Lan guztiak, ikasleek beraiek egindako poster eta tutorialen bidez aurkeztuko dira Hezkuntzarako I. App Azokan, 12:00etatik aurrera.