Hiri-hondakinen tratamendu mekaniko biologikorako instalazioa inauguratu da Bilbon

Azkunak eta Bilbaok inauguratu dute fabrika berria
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 18 febrero 2013 17:47

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok eta Bilboko alkate Iñaki Azkunak hiri-hondakinak tratatzeko azpiegitura berria inauguratu dute astelehen honetan, Tratamentutegi Mekaniko Biologikoa (TMB) delakoa, hain zuzen ere.

Instalazio berria Arraiz mendian kokatuta dago, "Cantera Primitiva" izeneko eremuan, Bilboko udal mugartean. Urbanizatu eta eraiki beharreko azalera osoa 23.000 metro koadro ingurukoa izan da; konpost fabrikarekin (konpostegia), Zabalgarbi balorizazio energetikoko instalazioarekin eta Artigasko tangarekin batera, hondakinak kudeatzeko "ekoparkea" osatuko du instalazio berriak.

Proiektua burutzeko 43,4 milioi euroko inbertsioa egin da: 13 milioi prozesu mekanikoan inbertitu dira, 12 milioi prozesu biologikoan, 11 milioi azpiegituran bertan, eta gainerakoa, martxan jartzeko, agiriak kudeatzeko eta tailerreko ekipamenduetarako eta ordezko piezetarako erabili da.

TMBk hiriko hondakinak tratatzeko teknologia modernoa du. Prozesu honetan sartzen dira hondakinen sailkapen mekanikoa eta horien alde organikoen tratamendu biologikoa. Urtean 180.000 tona tratatzeko dago diseinatuta, Bizkaiko hiriburuko hiri-hondakinak barne.

Jose Luis Bilbaok azpiegituraren garrantzia azpimarratu du. Gainera, 70 lanpostu inguru sortuko dira bertan eta Bizkaiari "helburu berriak lortzeko eta hondakinen kudeaketaren esparruan nazioarte mailan leku desiragarrian kokatzeko" aukera emango dio.