Hirigintzan eta eraikuntzan neurri jasangarriak aplikatzeko gakoak emango dituzte datorren astean Bilbon

Publicado: sábado, 18 noviembre 2017 13:40

BILBO, 18 Nov. (EUROPA PRESS) -

Ihobek eta Sprilur sozietate publikoak jardunaldi informatibo bat antolatuko dute datorren asteazkenean, azaroaren 22an, Bilbon, hirigintza eta eraikuntza proiektuetan aplikagarri diren ingurumen arloko jardunbide egokiak azaltzeko. Jardunbide horiek aplikatzeko tresnak aurkeztuko dira, eta tresna horien benetako aplikazioa azalduko da.

Jardunaldia bereziki zuzenduta dago arkitektura eta ingeniaritza estudioetako teknikariei, eraikuntza enpresetakoei eta proiektuen egileei, sektore publikoari, hirigintza, eraikuntza eta herri lanetako arduradunei, kontratazioetako kargudunei eta lizitazioen kudeatzaileei, antolatzaileek adierazi dutenez.

"EAEn modu jasangarrian urbanizatzeko, birgaitzeko eta eraikitzeko gidaliburuak. Kontratazio pribatuan eta publikoan aplikatzeko tresna teknikoak" izeneko jardunaldi teknikoaren helburua da beharrezko ezagutza ematea, Sprilur eta Ihobe sozietate publikoe prestatutako EAEko Eraikuntza eta Birgaitze Jasangarrirako Gidaliburuak aplikatu eta ezartzeko.

Topaketan xeheki azalduko dira modu iraunkorrean urbanizatu, birgaitu eta eraikitzeko kontzeptu orokorrak, ingurumen arloko jardunbide egokiak eta hedatuen dauden ebaluazio sistematika eta ebaluazio tresnak. Administrazio publikoak Urbanizazio, Birgaikuntza eta Eraikuntzako EAEko Gidaliburuak aplikatzea eta betetzea eskatuko die horrelako zerbitzu eta proiektuen lizitatzaileei.

"Sprilur eta Ihobek prestatutako gida horiek aplikatuz zorrotz beteko dira administrazio publikoak hirigintza eta eraikuntza zerbitzuak kontratatzeko baldintza publikoetan eskatzen dituen ingurumen eskakizun guztiak", azaldu dute.

Gidetan jasotzen diren ingurumen eta eraginkortasun neurriak hirigintzako tipologia guztietan aplika daitezke: antzinako hiriguneetan, etxebizitza guneetan, gune industrialetan, logistikan edo landa guneetan. Hortaz, "gida horien aplikazioa derrigorrezko betebehar bihurtuz erabat bermatuko da garapen jasangarria diseinu, exekuzio, bizitza erabilgarri eta eraispen fase guztietan".

Jardunaldian tresna informatiko erabilerraz eta intituitiboak aurkeztuko dira gida horiek aplikatzeko eta azken ebaluaketa eta emaitzaren aplikazioa errazteko proiektu eta garapen fase bakoitzean.