Hiru adingabe atxilotu dituzte Errenterian (Gipuzkoa) dendetan labanaz lapurtzeagatik

Actualizado: viernes, 11 febrero 2011 14:47

DONOSTIA, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru adingabe (15 urteko bi eta 17 urteko bat) atxilotu dituzte Errenterian (Gipuzkoa) larderia erabiliz egindako lapurreta batzuetan parte hartu dutelakoan. Udalerriko zenbait dendatan egindako lapurretak dira guztiak, eta egileek beti aurpegia estalita zeramaten eta labanak erabiltzen zituzten. Atxilotuak Gipuzkoako Adingabeen Fiskaltzaren aurrean aurkeztu beharko dira.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Errenteriako ertzainen ikerketa batek larderia erabiliz egindako hainbat lapurreta argitzea ahalbidetu du. Lehena 2010eko abenduaren 28an izan zen eta ordutik hona, guztira zortzi izan dira: guztiak labanaz eginak eta ezaugarri berdintsuekin.

Salaketa ezberdinen arabera, lapurretetan bi gaztek parte hartzen zuten, aurpegiak buru-berokiak edo antzekoak erabiliz estalita sartzen ziren ia beti denda ixtear zegoenean, (arratsaldeko azken orduetan) eta arma zuriak (labanak edo aiztoak) erabiliz egiten zuten lapurreta. Langile bakarra -emakumea gehienetan- zegoen dendak aukeratzen zituzten eta mehatxuak eginez dirua ematera derrigortzen zuten; behin, ordenagailu eramangarri bat ere ostu zuten.

Sei lapurreta Errenterian egin zituzten, beste bat Pasaian eta azkena Donostian, Buenavista auzoan. Ertzainen ikerketek argitu dutenez, lapurreta guztietan pertsona berberak parte hartu zuen eta, kasu batzuetan, beste baten laguntza izan zuen. Guztira, lau izan dira lapur horren gaizkide ezberdinak; guztiak ere adinez txikiak dira.

Urtarrilaren 24an izan zen azken lapurreta. Ordutik aurrera, ikerketa ustezko egileak aurkitzeaz arduratu da gehienbat, eta ez da ezaugarri berdintsuak izan dituen beste lapurretarik jazo. Aste honetan bertan bukatu dituzte kasu guztiak argitzeko izapideak. Ertzaintzak 15 urteko mutil bat atxilotu zuen asteazkenean Errenterian eta atzo 15 eta 17 urteko beste gazte bi atzeman zituen. Lapurretekin zerikusia izan zuten beste gazte bi (13 eta 12 urte) ere identifikatu dituzte; lapurretaren batean egileari lagundu ziotela uste dute agenteek.

Lapurreta batzuetan erabilitako zenbait objektu (arma zuriak, txanoak eta buru-berokiak) aurkitu dituzte agenteek atxiloketetan. Atxilotuak Gipuzkoako Adingabeen Fiskaltzaren esku jarri dituzte.