Hiru adingabe atxilotu dituzte Sestaon, auto bat lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 24 noviembre 2014 16:36

BILBO, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru adingabe atxilotu dituzte gaur Sestaon (Bizkai), zirkulazioko prebentzio kontrol batean lapurtutako ibilgailu batean zihoazela harrapatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak goizalde honetan jazo dira, 03:00ak aldera, Sestaon. Ertzaintzako agente batzuk zirkulazioko prebentzio kontrol bat egiten ari ziren udalerriko Txabarri kalean. Horretan ari zirela, Santurtziko noranzkoan zihoan ibilgailu bateko gidariak, haiek ikusita, abiadura moteldu duela eta Benedikta alderantz joz saihesten saiatu dela ikusi dute; horregatik, gidariari gelditzeko agindu diote.

Hyundai Lastra markako autoaren barruan hiru gazte ikusi dituzte ertzainek eta, itxuraz adingabeak zirenez, identifikatu egin dituzte. Identifikatzean, gidariak 16 urte zituela egiaztatu dute, eta beste bi gazteak ere adingabeak ziren, 15 eta 14 urtekoak.

Adingabeei ibilgailuaren jatorriaz galdetuta, herriko Txikito Bidea kalean ordu batzuk lehenago lapurtu dutela adierazi dute. Egun batzuk lehenago ibilgailuaren atea bortxatu zutela Las Canteras aparkalekuan autoaren giltzak hartzeko, eta gaur, ibilgailu bera aurkituta, lapurtu egin dutela adierazi diete gazteek ertzainei. Datu guztiak egiaztatu eta baieztatu ondoren, ertzainek hiru adingabeak atxilotu dituzte ibilgailua ebasteko ustezko delitua egotzita.