Hiru ezkontzatatik bi zibilak izan ziren Euskadin 2011. urtean

Actualizado: jueves, 21 febrero 2013 12:38

BILBO, 21 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 8.743 ezkontza izan ziren 2011. urtean, hau da, aurrekoan baino %3,7 gutxiago, eta horietatik 150 sexu bereko pertsonen artekoak izan ziren. EAEn bizi direnen bi sexuen arteko ezkontzak kontuan hartuta, 8.593 izan ziren, hots, 2010ean baino 340 gutxiago, %3,8ko jaitsiera izanik. Ezkontza guztien %66,8 (5.739) zibilak izan ziren, hau da, bi heren.

Eustaten landutako datuern arabera, EAEko ezkontza-tasa mila biztanleko 3,7 izan zen, Espainiakoaren (milako 3,5) gainetik baina Europar Batasuneko estatuenaren (2010ean milako 4,4) azpitik.

Amatasunaren adina igotzearekin batera, ezkontzagileen adina ere igo egin zen. Horrela, 2011n ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batez besteko adina 34,5 urte izan zen, eta emakumezko ezkongabeena 32,6 urte. 1987tik, hau da, azken 25 urteetan, senargaien batez besteko adina zazpi urte igo da, eta emaztegaiena 7,4 urte. Ezkondu aurretik ezkontideek zuten egoera zibilari erreparatuz, aurreneko ezkontza izan zen gizonen %89,4rentzat eta emakumeen %89,9rentzat.

Halaber, beti bezala, uda da ezkontzarik gehien egiten diren aroa, batez ere uztailean (1.454), eta ondoren irailean (1.281) eta ekainean (1.206). Ezkontzen %57 larunbatean izan ziren, eta %33 ostiralean.

EZKONTZA ZIIBILAK

Bestalde, azken urteetan gora egin du ezkontza zibilen kopuruak. Horrela, 1990ean %23 izan ziren, eta 2011n, aldiz, %66,8 (5.739 guztira). Ezkontza katolikoak 2.837 izan ziren, eta beste erlijioenak 17. Ezkontza zibilik gehien Gipuzkoan (%70,4) ospatu zen, eta ondoren Bizkaian (%67,9) eta Araban (%66,3). Euskadin bizi eta kanpoan ezkondu direnen arteko portzentajea %50,5era jaitsi zen.

Ezkondu aurretik, bikoteen %49k bizileku bera zuten, eta 2008ko kopurura bueltatu da, goraka. Ezkondu aurretik elkarrekin bizi ziren bikoteen portzentajearen bilakaera 1996ko %19tik 2007ko %59ra joan zen. 2008-2010 hirurtekoan jaitsi egin zen.

Ezkondu eta EAEtik kanpo bizitzera joan zirenek (512 bikote) batez ere Kantabriara, Madrilera eta Nafarroara jo zuten. Norakoari dagokionez badira aldeak hiru herrialdeetan egindako ezkontzen artean: Arabakoak, batez ere, Madril, Nafarroa eta Errioxara joan ziren; Bizkaikoak Kantabria, Madril eta Bartzelonara; eta Gipuzkoakoak Madril, Frantzia eta Nafarroara.

Naziotasunari begiratuz gero, 1.342 ezkontzatan (guztirakoaren %15,6) ezkontideetako bat bederen atzerritarra zen. Ezkontza horien arteko %45,9an emaztea zen atzerritarra, %30,6an senarra eta %23,5ean biak.

Emazteen jaioterri komunenak, Kolonbia (133), Brasil (114), Bolivia (64), Ekuador (58), Paraguai (50) eta Marokko (40) izan ziren, eta senarren artean, Maroko (88), Kolonbia (73), Portugal eta Ekuador (42), Aljeria (39), Argentina (33) eta Brasil (29).

Azkenik, 2011n sexu bereko pertsonen arteko 150 ezkontza izan ziren; 91 gizonen artekoak izan ziren, eta 59 emakumeen artekoak. 23 Araban jarri ziren bizitzen, 44 Gipuzkoan, 69 Bizkaian eta 14 EAEtik kanpo.