Hiru gizon atxilotu dituzte Eibar, Bergara eta Errenterian bikotekideei erasotzeagatik

Actualizado: jueves, 24 febrero 2011 14:40

DONOSTIA, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru gizonezko atxilotu dituzte azken orduetan Eibar, Bergara eta Errenteria herri gipuzkoarretan, bikotekideei erasotzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Lehenengo gertaerak atzo goizeko 10:30ak baino pixka bat geroago izan ziren, Eibarren. Ertzaintzaren patruila bati etxebizitza batera joateko eskatu zioten, emakume bat laguntza eskatzen ari zelako leiho batetik.

Bertaratu zirenean, agenteek bi erizainekin hitz egin zuten eta emakume gazte bat artatzen ari zirela jakinarazi zieten agenteei; emakumezkoak antsietate-krisialdia izan zuen, eta poltsa batean arnasa hartzen eta botatzen ari zen. Erizainek poliziei esan zieten emakumea hilabete gutxiko haurdun zegoela, gorputz guztian zehar hematomak zituela eta bere bikotekideak egin zizkiola esan zietela.

Agenteek egiaztatu zuten emakumeak hematoma handi bat zuela hanka batean eta beste ubeldura bat zuela ezkerreko begian. Azkenean, biktimak esan zien bere bikotekideak behin eta berriz jotako jipoien ondorioa zirela.

Gainera, egun batzuk lehenago, bere bikotekideak buruan ostiko bat jotzea ekidin nahian hatz erakuslea hautsi zuela ere esan zien; hatzean ferula bat zuen. Halaber, etengabe tratu txar psikologikoak egiten zizkiola eta iraindu egiten zuela jakinarazi zien agenteei, baita biak batera bizi ziren etxebizitzan giltzapetuta egotera behartzen zuela ere.

Anbulantzia batek erasoaren biktima ospitalera eraman zuen. Orduan, agenteak ustezko erasotzailea bilatzeko lanetan hasi ziren. Gizonezkoa 13:15 aldera atxilotu zuten biktima artatzeko eraman zuten ospitalean; gainera, jarrera mehatxatzailean azaldu zen bertan. Azkenean, genero indarkeriako ustezko delitu bat egotzita atxilotu zuten aipatutako 30 urteko gizonezkoa.

BERGARA ETA ERRENTERIA

Halaber, atzo gaueko 23:15 aldera, Ertzaintzaren agenteek 64 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Bergaran genero indarkeriako ustezko delitu bat egotzita, bere emazteari presio-eltzearen taparekin eraso egin omen ziolako. Biktimak zauria zuen ezkerreko begian, eta anbulatoriora eraman behar izan zuten.

Azkenik, Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur, emakumearen kontrako tratu txarrak egitea egotzita. Atxilotuak bere bikotekideari eraso egin omen dio biak batera bizi diren etxebizitzan.