Hiru gizon atxilotu dituzte Etxebarrin (Bizkaia) billete tindatuen iruzurra egiteagatik

Actualizado: lunes, 21 febrero 2011 14:47

BILBO, 21 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru gizonezko atxilotu zituzten joan den larunbatean Etxebarriko (Bizkaia) metro geltokian billete tindatuen iruzurraren bidez ustezko maula delitu bat egitea egotzita. Prozesu kimiko baten bidez erabilera legaleko billeteen kopiak egiten omen zituzten atxilotuek, eta horretarako erabiltzen zuten materiala atzeman zieten. Prozesu hori 'wash-wash' edo diru tindatuaren iruzurra bezala ere ezagutzen da.

Joan den ostiralean beste bi lagun ere atxilotu zituzten Gasteizen prozedura bera erabiltzeagatik. Horrela, Ertzaintzak herritarrak ohartarazi ditu, iruzurgileak ezaugarri bereko maula gehiago egiten saiatuko direlakoan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi duenez.

Joan den larunbatean pertsona bat Galdakaoko Ertzain-etxera joan zen, eta zenbait pertsona iruzur egiten ari zitzaizkiola susmatzen zuela esan zien agenteei. Antza denez, diru tindatuaren edo 'wash-wash' iruzurra egiten saiatu ziren. Maula horren hainbat aldaera ezberdin daude. Iruzurrak honetan datza: biktimari sinestarazten diote kolore batez tindatutako paperak erabilera legaleko billete bilakatuko direla prozesu kimiko baten ondorioz.

Kasu honetan, egun batzuk lehenago jarri ziren harremanetan ustezko biktimarekin, eta "irabaziak emango zizkion negozio bat" proposatu zioten. Salatzaileari etxebizitza bat eta kamioi bat erosiko omen zizkieten, bi milioi eta erdi euroren truke. Ordainketa bi zatitan egingo zuten: %50 berehala eta gainontzekoa sei hilabete geroago, eskrituretan titularren izenak aldatzerakoan.

Bi ordainketak eskura egingo zituzten, eskudirutan, Afrikatik ekarritako erabilera legaleko billeteen bidez. Billeteak "zigilatuta" etorriko ziren muga gainditu ahal izateko, izan ere diru beltza omen zen. Ezezagunek salatzaileari jakinarazi zioten prozesu kimiko baten bidez 50 eta 100 euroko billeteen kopiak egin zitzaketela.

Salatzaileak Ertzaintzari esan zion ustezko erasotzaileekin hitzordua zuela larunbatean, arratsaldeko 17:00ak aldera Etxebarriko metro geltokian. Basauriko Ertzain-etxeko agenteek zaintza dispositibo bat ezarri zuten larunbat arratsaldean, eta 17:30etan hiru iruzurgileak atzeman zituzten metro geltokian, Fuenlabrada kalean.

Atxilotuei iruzurra egiteko materiala atzeman zieten, besteak beste, billeteen tamainako prentsatutako paper zuri sorta bat, latexezko eskularruak, eta koloredun tinta zuten plastikozko flaskoak. Atzemandako hiru lagunak (22 urteko bi gizonezko eta 24 urteko beste gizonezko bat) eta ustezko iruzur delitu bana egotzi diete.

Ertzaintzak herritar guztiak ohartarazi ditu, ezaugarri bereko harremanen bat izatekotan edo hori proposatzen dieten eskutitzen bat jasoz gero, iruzur bat dela jakin dezaten eta kasu horretan gertatutakoa salatzeko.