Hiru gizon atxilotu eta bi kilo marihuana inguru konfiskatu dituzte Bilbon

Actualizado: martes, 22 septiembre 2015 10:43

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaltzaingoak drogaren aurkako operazio bat martxan jarri zuen joan den astean Zurbaranbarri auzoan, eta, horren ondorioz, hiru gizonezko atxilotu eta bi kilo marihuana inguru konfiskatu zituen, Bilboko Udalak prentsa ohar bidez astearte honetan jakinarazi duenez.

   Drogaren aurkako Ikuskaritzako agenteek, Begoñako Ikuskaritza saileko kideekin batera, dispositiboa abiarazi zuten 21 urteko lagun baten inguruan, auzoko gazte andanari -batzuk, gainera, adin txikikoak- marihuana poltsatxoak emateagatik susmagarria izan eta inguruan alarma soziala eragiteagatik.

   Drogaren aurkako agenteek abuztuan egindako beste operazio batean antzeman zuten gaztea, eta joan den asteazkenean, droga saltzen ari zela ikusita, momentuan bertan atxilotu zuten, eskura emateko hamar marihuana poltsatxo eta aurreko salmentetatik lortutako dirua konfiskatuz.

   Halaber, auzoko oinezkoentzako esparru batean, momentuan bertan berarekin batera zeuden eta droga erretzen ari ziren zenbait gazte identifikatu zituzten agenteek, baita marihuana zenbait poltsatxo harrapatu ere.

   Ondoren, gazteetako bi, atxilotutakoaren etxera hurbildu ziren, hirugarren gizonezkoak etxebizitzan gordeta zuen merkantzia ilegala ezerezteko. Bi gizonek, 31 eta 24 urtekoak, kartoizko kutxa batzuk zeramatzatela, ihes egiteko asmoa agertu zuten, baina agenteek bertan gelditu zituzten. Kutxen barruan bi kilo marihuana kukulu inguru eta droga pisatzeko baskula bat topatu eta konfiskatu zituzten agenteek.

   Izapide polizialak bukatutakoan, atxilotuak epailearen esku jarri dituzte, osasun publikoaren kontrako, droga trafikoaren modalitateko delitu bat egotzita.