Hirutik lauk uste dute gizon-emakume ezberdintasunak dirauen bitartean, emakumeenganako indarkeriak jarraituko duela

Actualizado: lunes, 23 noviembre 2015 11:43

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren %77k uste du gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun egoerak jarraitzen duen bitartean, emakumeen aurkako indarkeriak jarraituko duel, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen txosten baten arabera.

   Ikerketaren gai nagusia emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan biztanleek dituzten pertzepzio eta iritziak dira, bereziki, emakumeek euren bikote edo bikote ohiengandik jasotako indarkeriari buruzkoak.

   Horrela, emakumeen %80 eta gizonen %73 ados daude uste horrekin, eta euren burua ezkerrekotzat jotzen dutenek gainerako definizioetakoek baino adostasun handiagoa adierazi dute. Adostasuna handitzen da Euskadin berdintasun maila zenbat eta baxuagoa dela iritzi edota ikasketa maila handitu ahala.

   EAEko biztanleen %75ek garrantzi handia eman diote gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren gaiari. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren egoera Euskadin 6,4 puntukoa dela deritzote -0ak "desberdintasuna erabatekoa" dela eta 10ak "berdintasuna erabatekoa" dela esan nahi dute-. Pertzepzioa hobetu egin da 2012tik, orduan 5,6 puntu baitzituen.

   Azkenaldian bikotekide edo bikotekide ohiek emakumeei egindako eraso, tratu txar eta erailketen inguruko berriak gehitzearen arrazoia, jendartearen %61en ustez kasu gehiago ezagutzera ematen direla da, %18k indarkeria gehitu dela eta %15ek arrazoi biei dagokiela uste duten bitartean.

   Gizon batek bere bikotekide edo bikotekide ohia indarkeriaz tratatzeari buruz galdetzean, %90ek onartezina dela eta beti legez zigortu behar dela dio, %6k onartezina dela baina beti ez dela legez zigortu behar, eta ez dira %1era heltzen onargarria dela deritzotenak. Genero indarkeria ez onartzean, Euskadi EB-27ko batez bestekoaren gainetik dago, eta Espainia eta Grezia bakarrik ditu aurretik.

   Emakumeen aurka etxe barnean gertatzen diren tratu txar modu desberdinak baloratzerakoan, gehiengo zabalak uste du inkestan aurkeztutakoak oso edo nahikoa larriak direla.

PORTAERA OSO LARRIA

   Portaera bakoitza oso larria dela diotenen portzentajeen arabera, hiru multzotan sailka daiteke. Alde batetik, gutxienez herritarren %75ek oso larritzat dituztenak daude: jotzea(%96), bere borondatearen aurka harreman sexualak izatera derrigortzea (%88), emakumearen irudiak, argazkiak, informazioa hedatzea bere baimenik gabe (%80) eta mehatxuak (%75).

   Bigarrenik, biztanleen erdia baino gehiagok oso larritzat dituztenak daude: mugikor eta sare sozialen bidez kontrolatzea (%69), senide eta lagunekiko harremanak mugatzea (%63), janzteko modua kontrolatzea (%62) eta gauzak erabakitzen ez uztea (%60). Hirugarrenik, erdia baino gutxiagok oso larritzat dituztenak daude: etengabe gauzak egiteko duen moduaz kexatzea (%47), irainak (%38) eta ardura edo jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzea (%25).

   Inkestan aurkeztutako tratu txar moduen larritasunaren balorazioa nabarmen hazi da 1997rekiko, eta neurri txikiagoan jotzeari dagokionez, ordurako herritarren %93k oso larritzat baitzuen.

   Emakumeek gizonek baino zerbait larriagotzat hartu dituzte aurkeztutako txatu txar psikologiko mota batzuk. 65 urte baino gutxiago dituztenak adin nagusienen taldekoak baino zorrotzagoak dira, salbu jotzea edota jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzeari dagokionean. Ikasketa maila handitu ahala, portaera hauekiko zorroztasuna handitzen da, hirugarren multzoan jasotakoei buruz izan ezik. Agnostiko, ateo direla diotenak katoliko direla diotenak baino zorrotzagoak dira (salbu eta jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzeari dagokionez), bai eta euren burua ezkerrekotzat dutenak gainerako definizio ideologikoetakoak baino.

IRITZI ETA MITOAK

   Bestalde, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko zenbait iritzi eta mitoekiko adostasuna zabala da, hala nola "alkohol eta droga abusua emakumeen kontrako indarkeriaren egintza gehienen atzetik dago" (%62 oso edo nahikoa ados) eta "erasorik gehienak estres maila handia dagoenean edo kontrola une batez galtzen denean gertatzen dira" (%61).

   Atzetik dagoz "genero indarkeria kasuetan salaketa faltsu asko dago" (%39), "etxean bortitza edo biolentoa dena lanean eta lagunekin ere hala izango da" (%38) eta "atzerritarrak dira genero indarkeriaren emakume biktima gehienak" (%27).

   Askoz adostasun txikiagoa jaso dute honako iritziek: "emakumeen jarrera eta portaerek beraiek eragiten dituzte genero indarkeria kasuak batzuetan" (%14), "emakumeen kontrako indarkeria matxista soilik klase pobreenetan gertatzen den fenomenoa da" (%12), "etxeko indarkeria kontu pribatua da eta etxean geratu behar du" (%5) eta "genero indarkeriak ez du gazte jendearengan eraginik" (%5).

   Ikerketak nabarmendu du dezente igo dela hurrenkerako lehenengo hiru iritziekiko adostasun maila 2012tik: "alkohol eta droga abusua emakumeen kontrako indarkeriaren egintza gehienen atzetik dago" (%50 zeuden oso edo nahikoa ados eta gaur egun %62), "erasorik gehienak estres maila handia dagoenean edo kontrola une batez galtzen denean gertatzen dira" (%42 ados eta orain %61) eta "genero indarkeria kasuetan salaketa faltsu asko dago" (%25 ados eta orain %39). Haatik, %19tik %14ra jaitsi da "gaur egun emakumeen jarrera eta portaerek beraiek eragiten dituzte genero indarkeria kasuak batzuetan" iritziarekiko adostasuna.

INDARKERIAREN HEDADURA

   Bestalde, euren ingurune hurbilean tratu txarrak jaso dituzten emakumeak eta tratu txarrak eman dituzten gizonak ezagutzen dituztenen ehunekoak igo egin dira 2004tik. Horrela, EAEko biztanleen %27k dio euren familia ingurunean, lagunen, auzokoen edo lankideen artean ezagutzen dutela euren bikotekideen aldetik tratu txarrik jaso duen emakumeren bat eta %28k emakumeren bati tratu txarra eragin dion gizonik. Tratu txarrak jaso dituzten emakumeen kasuen ezagutza maila igo egin da 2004tik (orduan %18 ziren).

   Arazoaren hedadura zabala argi geratu zen EBko Oinarrizko Eskubideetarako Europako Agentziak (FRA) 2014an emakumeen aurkako indarkeriari buruz osatutako "Violence against women: an EU-wide survey" ikerketan; bertan ondorioztatu zen Europako emakumeen %33k indarkeria fisiko edota sexuala jaso dutela 15 urte zituenetik eta %43k indarkeria psikologikoa.

   Gizon bat emakume bat erasotzen edo tratu txarrak ematen ikusiko balu, herritarren erdiak poliziari deituko lioke (%52k), %21k erasotzaileari aurre egingo lioke, %17k lagundu ahal izango luketen beste persona batzuei esango liekete eta %1ek ezer ez luke egingo.

   Halaber, biztanleen %46k ezagutu edo entzun du zerbait Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Legeari buruz, eta %52k ez. Ezagutza handiagoa da Estatu Espainiarrean (%60).

   Administrazio publikoek genero indarkeriaren biktimak direnen babeserako hartzen dituzten neurriak oso edo nahikoa baliagarriak dira herritarren %80 baino gehiagorentzat: laguntza psikologikoa (%93), emakume biktimentzako arretarako telefono zerbitzua (%91), etxebizitza babestuak eta biktimak laguntza eskatzera animatzeko kanpainak (%90), lana bilatzeko laguntza, lege arloko laguntza eta etxebizitza alorreko laguntzak (%87) eta, azkenik, diru laguntzak (%84).