Hitz-ordenari buruzko jardunaldia izan da Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan

Jardunaldiaren momentu bat
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 24 febrero 2012 15:00

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak antolatuta, "Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa" jardunaldia egin da gaur, otsailaren 24an, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Jardunaldiak, Akademiak berriki kaleratu duen izen bereko liburua -"Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa"- izan du abiapuntu. Liburua "Jagon" bildumaren 14. zenbakia da eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu du, Pello Esnal batzordekideak koordinatu duelarik. Jardunaldian 80 pertsona inguruk hartu dute parte.

   2008an, Euskaltzaindiak "Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa" liburua plazaratu zuen. Euskararen egokitasuna bermatze aldera, lan horretan testu-antolatzaileak zehaztu eta sailkatu ziren, helburu bati begira: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa. Hain zuzen ere, liburu haren harian eta haren osagarri dator orain "Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa", hark urratutako bidean aurrera egitera, alegia.

   Hala, "Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa" liburuak -2008an argitaratutakoak bezala- estrategiak ditu ardatz. Izan ere, hizkuntzaren erabileran dena ez da arau gramatikala betetzea. Behin arau gramatikalak betez gero, eremu handi batean aurkitzen da hizkuntza-erabiltzailea. Honek egokien iritzitako erabakiak hartuko ditu, askatasunez eta erantzukizunez jokatuz. Hain zuzen, erabakien mundura garamatzate estrategiek.

   Hala, bada, lan berri horretan euskararen hitz-ordena lantzen da, estrategiaren ikuspegitik, hiru elementu jorratuz bereziki: testu-antolatzaileak, mintzagaia eta galdegaia, eta erlatibozko esaldiak. Jakina denez, euskararen hitz-ordena izan da, XX. mendean zehar, euskararen aztertzaile eta arautzaileen gai eta kezka nagusietako bat. Bestalde, alde praktikoak garrantzi handia du liburuan.

   Honetaz guztiaz hausnartu dute gaurko jardunaldian Pello Esnalek, Xabier Mendiguren Bereziartuk, Andres Urrutiak eta Igone Etxebarriak. Guztien agerraldien ondoren mahai-ingurua egin da, eta Jexux Mari Agirre Eusko Legebiltzarreko Itzulpen, Zuzenketa eta Interpretazioko teknikariak, Karlos del Olmo Donostiako Udaleko itzultzaile-interpreteak eta Xabier Aristegieta Nafarroako Parlamentuko itzultzaile eta interpreteak hartu dute parte.