Hitzarmena indarrean eta berrituta duen EAEko biztanleria langilea %23 zen 2017aren hasieran

Langile bat
OXFAM
Actualizado: viernes, 24 febrero 2017 13:04

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Hainbat urteko iraunaldiko hitzarmen berrituek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 131.686 langile hartzen zituzten eraginpean 2017. urtearen hasieran, hau da, biztanleria langilearen %23. Halaber, hitzarmena luzatuta eta berritzeko zain zuten langileak 321.688 ziren urte hasieran (%56,2), eta hitzarmena iraungita zutenak 119.011 (%20,8), Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) datuen arabera.

Bestalde, negoziazio kolektiboak 2016an bilakaera desberdinak izan zituen EAEko lurralde bakoitzean. Horrela, Bizkaian "dinamikoagoa" izan zen, langileen %21,4k hitzarmena berritu baitzuen, eta urtearen amaieran langileen %37,6k hitzarmena eguneratuta zuen. Gipuzkoan langileen %11k hitzarmena berritu zuen eta urtearen amaieran langileen %27,6k hitzarmena indarrean zuen. Araban, berriz, hitzarmena berritu zuten langileak %10,2 ziren, eta urtea amaitzean %32,6k indarreko hitzarmen kolektiboa zuen.

EAEn eragina duten estatu eremuko hitzarmenei dagokienez, aurreko urtean bezala, 2016 amaitzean estaldurarik handiena zuten, eremu horretako langileen %58,7 eraginpean baitzuten.

LHKren arabera, lan erreforma indarrean dagoenetik, estatu eremuko hitzarmenek EAEn negoziatutakoei "espazioa kentzen diete"; izan ere, hitzarmen bat salatzen denean berritzeko akordiorik ez badago, ordura arte EAEn negoziatutako hitzarmen baten babesean zeuden langileak estatu eremuko hitzarmen baten mendera igarotzen dira sarritan, edota hitzarmen baten babesik gabe egotera. "Joan den urtarrilean sindikatuek eta Confebaskek sinaturiko lanbide arteko akordioa prozesu hori atzera itzularazteko lehen urratsa da", adierazi du.

Halaber, 2016an zehar, hitzarmena iraungita zuten langileen %3,4 hitzarmen baten babesera itzuli zen berriz. Atal honetan ere aurrerapenak urriak izan ziren eta 2016 amaitu zenean hitzarmena iraungita zuten langileen portzentajea (%17,9), 2015en amaierakoaren antzekoa zen (%18).

SOLDATA IGOERA

EAEn 2016rako indarrean zeuden hitzarmenetan itundu zen batez besteko soldata igoera, EAEn eragina duten estatu eremuko hitzarmenak ere barne direla, %1,01 izan zen, hau da, Estatu osoko hitzarmen kolektiboetarako itundu zen batez besteko ia soldata igoera berbera, kasu horretan %1,06 izan baitzen. EAEn negoziatutako hitzarmenetako batez besteko igoera, hau da, erkidegoan eragina duten estatu eremukoak alde batera utzirik, %1,04 izan zen.

Gainera, 2016an indarrean zeuden eta lan baldintzak eguneratuta zituzten hitzarmenetan itundu zen batez besteko lanaldia EAE osorako 1.716 ordukoa izan zen, hau da, EAEn erregistratutako hitzarmenetan 1.696 ordukoa eta EAEn eragina duten estatu eremukoetan 1.745 ordukoa. Hitzarmen berberetan aurreko urterako itundutako lanaldiaren aldean ia ez dago aldaketarik.

Bestalde, EAEn indarrean zeuden 647 hitzarmenetako 301ek, hau da, %46,5ek, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak zituzten. Enpresako hitzarmenetan honelako neurriak zituzten hitzarmenak %47,4 ziren, eta sektorekoetan, aldiz, %42.

Azkenik, EAEn negoziatu ziren eta 2016an indarrean zeuden sektoreko hitzarmen kolektiboak negoziatzeko prozesuen batez besteko iraupena 526 egun izan zen. Prozesu hauek, beraz, 90 egun laburragoak izan ziren iaz, 2015ean indarrean zeuden hitzarmenenak baino. Jaitsiera hau gorabehera, negoziatzeko prozesuak oso luzeak dira oraindik eta urrun daude 2010ean gertatu ziren batez besteko 260 egun edo aurreko urteetako 250 egunetatik.