Hizkuntza eskubideak, Poziktibityko bideo berriko protagonista

Actualizado: viernes, 9 octubre 2015 15:15

   DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarritako Poziktibity proiektuaren bideo berriak -2015eko hirugarrena- hizkuntza eskubideak izango ditu protagonista. Hala jakinarazi dute Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salaren presidenteak eta Juan Jose Alvarez EHUko Zuzenbide Fakultateko katedradunak.

   Poziktibity euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua dela gogoratazi dute eta, dagoeneko, urtebete igaro dela kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. "Kontzeptu edo ideia soil bat baino, bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan maiz errepikatu da Poziktibity kontzeptu bizia dela. Eta bizirik dagoena moldatu, aldatu, garatu egiten da", esan du Baztarrikak.

   Iaz pertsona ospetsuen laguntza izan zuen proiektuak Poziktibityren energia hori transmititzeko, bideoetan pertsona ezagunak agertzen baitziren. Aurten ere proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituzten pertsona garrantzitsuak (gaurkoan, prentsaurrekoan, Garbiñe Biurrun eta Juan Jose Alvarez), baina egunerokotasuneko une arruntetan oinarrituko da, bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izango baitira. Aurten, Poziktibityk ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu.

   "Nahi izatea Poziktibity da" lelopean, hirugarren bideo honetan hizkuntza eskubideen gaia da jorratu dena. Administrazioaren aurrean, herritarrak eskubidea du berak nahi duen hizkuntza ofizialean artatua izateko. Arlo pribatuan, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretua betetzea dagokien establezimendu pribatuetan, herritarrak eskubidea du, erabiltzen duen hizkuntza erabiltzen duela, artatua izateko bera (bezeroa) hizkuntzaz aldatzera behartu gabe.

ELEBIDE

   Horrela, hizkuntza eskubideak urratzen direnean Elebide zerbitzura jotzeko gomendatu dute. Elebideren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

   Elebiden zereginen artean daude hizkuntza eskubideen urraketak zuzenean ezagutzea; herritarrak sentsibilizatzea; aholkularitza eskaintzea hizkuntz eskubideen eta araudiaren gainean; kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen. Halaber, lankidetzarako protokoloak ezartzen ditu administrazioekin eta bestelako entitateekin.