Hizkuntza ez hegemonikoen zinemen europar sarea osatzea proposatu du Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 10 febrero 2015 17:08
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak hizkuntza ez hegemonikoen zinemen Europako sarea eratzea proposatu du Berlingo Berlinale Zinemaldian, Europako bestelako filmografien gaineko ikuspegia eraberrituz.

   Monterok adierazi duenez, "premiazkoa da lantalde bat eratzea, eztabaidaren, lankidetzaren eta elkartrukearen bidez, funtsezko erronkei -ikusgarritasuna, nazioartekotzea, koprodukzioak edo jasangarritasuna, kasu- baldintza hobeagoetan aurre egin ahal izateko".

   Berlinalek antolatutako ekitaldien artean dagoen Cine Regio sarearen osoko bilkuran parte hartu du Jaurlaritzak. Europako Eskualdeen Funtsen Sare horretan Europako Batasuneko (EB) 12 estatu kideren eta 43 eskualderen funtsak daude ordezkatuta, Norvegiakoez eta Suitzakoez gain.

   Bilera horretan, Monterok gogorarazi du badela "zinemaren beste mapa bat, Europako hizkuntza nagusien -ingelesa, frantsesa, alemana, espainiera edota italiera- zinemarenaz harago". "Hizkuntza komunitate txikiagoen zinematografiez ari naiz, kulturgintzan zein industriagintzan bere mugez kanpo eskuragarri egon ohi ez diren hizkuntzetan diharduten horiez", gaineratu du.

   Horrenbestez, ikusgarritasun gutxiago izan ohi dute eta, askotan, Europako kultur merkatuan sartzeko traba handiagoak. Hala ere, azken urteetan "filmografia periferiko horien eskutik ezusteko ederrak" jaso direla nabarmendu du, erakutsitako sormen eta industria heldutasuna direla eta.

   "Horien artean dago euskarazko zinematografia, eta 'Loreak' filma, hizkuntza ez hegemoniko batean egindako eta nazioarteko oihartzuna xede duen zinema berriaren adibide garbia da", azaldu du.

   Monterok ziurtatu du euskarazko zinemaren etorkizuna Europan kultur topografia berria, hizkuntza ahaltsuenetako kultur produkzioez haragokoa, ezartzearen mende dagoela. Hala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetzak hizkuntza ez hegemonikoetako filmak trukatzeko eta nazioartean emateko zirkuituaren proiektua proposatu du, era berean, euskarazko zinematografien ospea eta berezko ikusleen babesa areagotu ditzakeena.

ZALANTZAK

   Iazko Donostia Zinemaldian hainbat bilera informal egin ziren zinematografia ez hegemonikoetako ordezkariekin. Orduan adierazitako zalantza berberak azaldu ditu Monterok Cine Regioren osoko bilkuran, hala nola zer erronka eta aukera eskaintzen dituen hizkuntz eta kultur konplexutasun honek industriarentzat eta sortzaileentzat; posible ote den herrialde edo hizkuntza periferikoetako zinematografian nazioartekotzea; posible ote den koprodukzio baterako bazkideak topatzea.

   Halaber, masa kritiko txikiagoko ekoizpen kultural batek zer bideragarritasun edo jasangarritasun duen, eta gure kultur ekoizpena sustatzeko interesgarria ote litzatekeen erakunde, industria eta sortzaileen artean aliantzak sortzea ere planteatu ditu.

   Horiek dira Euskadiren zalantzak, baina baita Islandia, Letonia, Flandria, Gales, Eskozia eta beste herrialde askorenak ere, Eusko Jaurlaritzak, antolatzaileek gonbidatuta, Berlinalean plazaratu ahal izan dituenak.

   Monterok adierazi duenez, "honen guztiaren atzean uste sendo bat dago. Euskarazko zinemak etorkizuna du, zinemagileek eskura dute nazioarteko ingurunea eta enpresa ekoizleek euskararen alde egiten dute. Horrelakoa da Europako kultur, hizkuntz eta zinematografia aniztasunaren mapa. Eta horregatik jarraituko dugu lanean gure herrialdeko sortzaileekin, baita Europa konplexu, askotariko eta anitzeko herrialdeetakoekin ere".