Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak lankidetza akordioa sinatu dute

Ortega eta Baztarrika hitzarmena sinatzen
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 6 marzo 2015 13:57

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

   Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Paul Ortega Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen markoa sinatu dute ostiral honetan Donostian. Hitzarmenari esker, Jaurlaritzak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bidez) eta Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak estrategia ildo bateratuak zehaztu dituzte hizkuntza lankidetzaren arloan.

   Halaber, hizkuntza lankidetzarako ekimen, ekintza eta proiektuak gauzatu ahal izango dituzte garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzeko. "Hitz bitan esanda, aurrerantzean, Garapenerako Lankidetzaren Agentziak nahiz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak garatuko dituzten nazioarteko lankidetza hitzarmenetan gaur sinaturiko hitzarmen markoan zehazten diren hizkuntza irizpideak kontuan hartuko dituzte, beti ere hizkuntza aniztasuna bultzatzea xede hartuta", azaldu dute.

   Lankidetza hitzarmen honen oinarrian eta abiapuntuan Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) "hizkuntza eskubideak sustatzeko lanean duen ibilbide luzea" dago. Alor horretan, Eusko Jaurlaritzaren lana "oso garrantzitsua" izan da eta, horregatik, "azken hamarkadetan pilatutako eskarmentu hori nazioarteko beste gutxiengoen hizkuntza komunitateei helarazteko modukoa da, honela hizkuntza aniztasuna sustatuz eta elkar aberastuz".

   Honenbestez, sinatu berri duten lankidetza hitzarmenaren bidez, hiru jarduketa lerrotan zehazten diren ekintzak ezartzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Zehazki, alde batetik, prestakuntza eta gaikuntza ekintzak egingo dira. Gutxiengoen hizkuntzak normalizatzeko bidean, hitzarmenak garrantzia berezia emaen dio zuzenean inplikatutako eragileak prestatu eta gaitzeari, eta horixe da gutxiengoen hizkuntza komunitateen eskaera ere: euren hizkuntzak suspertzeko arduradunei hezkuntza egoki eta jarraitua ematea. Euskal erakundeek arlo horretan duten esperientzia "onuragarria" izan daiteke ibilbide laburragoko hizkuntza komunitateentzat.

   Bestalde, esperientziak trukatuko dituzte. "Gutxiengoen hizkuntza komunitate guztiek dute zer eskaini, baita normalizazio prozesuan aurrerapen gutxien erakusten dutenek ere. Horregatik, ezaguera trukea norabide guztietan gertatu behar da. Gutxiengoen hizkuntza komunitate bakoitzak egoera ekonomiko, kultural, sozial eta politiko oso desberdina du, eta nahitaezkoa da aniztasun hori aintzat hartzea", azaldu dute.

AHOLKULARITZA ETA TUTORETZA

   Azken jarduketa ildoa aholkularitza eta tutoretza ekintzak dira. Euskal erakundeen aholkularitza lana halakorik nahi luketen komunitateen eskaeratik abiatu beharko litzateke, eta Jaurlaritzak honako arlo hauetan eman diezaieke aholkularitza hala eskatzen duten hizkuntza komunitateei: hizkuntza plangintza arlo publiko zein pribatuan; hezkuntza elebiduneko sistemaren garapena; helduaroan hizkuntza ikastea; helduen alfabetatzea; eta hizkuntzaren kalitatearekiko sentiberatasuna sortzea.

   Bestalde, azken urteotan EAEn burutu diren normalizazio politikak eta horietatik abiatu diren ekimenak ere erreferentzia gisa balia daitezke beste hizkuntza komunitate batzuetan: beren hizkuntzetako normalizazio planetan sartu ahal izango lituzkete politika eta ekimen horiek hasieratik, planak prestatzen diren lehen unetik.

   Era berean, erakunde batak zein besteak elkarri laguntza teknikoa emateko konpromisoa hartu dute. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku egongo da, lankidetza arloko zalantza teknikoak argitzeko, eta Sailburuordetzak Agentziaren esku jarriko ditu hizkuntza politikaren arloko ezaguera teknikoak.

AURREKARIAK

   Hitzarmenaren aurkezpenean azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ibilbide luzea du hizkuntzaren alorreko nazioarteko lankidetza hitzarmenei dagokienez, betiere hizkuntza aniztasuna nahiz biziberritzea sustatzeko xedez.

   Horietan azkena, aurten bertan izan da, urtarrilean, Txileko CONADI (Garapen Indigenarako Korporazioa / Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) gobernu erakundearekin Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatu duen protokoloarekin. Honen bidez Jaurlaritzak aholkularitza, lankidetza teknikoa eta trebakuntza eskaintzen dizkio Txileko Gobernuari hizkuntza politika gaietan, bertako hizkuntza indigenen normalizazioa eta biziberritzea helburu hartuta.

   Ibilbide hau duela bi hamarkada hasi zen. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hainbat lankidetza proiektu garatu izan ditu, 1998tik hasita, hizkuntzaren eta kulturaren arloan garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen komunitate edo hizkuntzetako eragileekin.

   Horretarako, esparrua eta bitartekoak jarri ditu eragile horiei EAEk hizkuntza suspertzeko arloan egindako ibilbidearen berri emateko. Besteak beste, Txile eta Kolonbiako Gobernuekin edo beraien menpeko erakundeekin garatu izan dira gisa honetako lankidetza hitzarmenak, baina baita EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrarekin ere.

   2011tik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza izenduna ematen dio proiektu honi, gutxiengoen hizkuntza komunitateekin batera aholkularitza ekimenak antola ditzan arlo hauetan: hezkuntza eleaniztuna, irakasleen prestakuntza, eskola materialak sortzea eta gutxiengoen hizkuntzak sustatzearen aldeko jarrera garatzea.