Ho Tzu Nyenen "The Cloud of the Unknowing", Guggenheim Bilbao Museoan

Ho Tzu Nyen eta bere artelana
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: jueves, 3 diciembre 2015 17:46

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoak Ho Tzu Nyen Singapurreko artistaren "The Cloud of the Unknmowing" (Ezagutzen ez denaren hodeia) artelana izango du ikusgai 2016ko apirilaren 24ra arte, bideo arte, bideo instalazio eta irudia mugimenduan darabilten lanei eskainitako Film & Video aretoan. Komisarioa Lucia Agirre da, eta aretoak hartzen duen seigarren instalazioa da.

   Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak, Lucia Agirre komisarioak eta artistak berak obraren aurkezpenean azaldu dutenez, hodeiaren elementua aukeratu du Asiako hego-ekialdeko sortzeari buruzko mitoak eta bertako historia geopolitikoa aurrez aurre jartzeko.

   "Ezagutzen ez denaren hodeia" (2014) kanal anitzeko bideo instalazioa da eta ikuslea inguratu eta bideoen edukian murgilarazten du. Hodei itxuragabe eta iheskorraren irudikapena aztertzen du Singapurreko artistak artelan honetan.

   Bideoak, antzezpen testuinguru batean aurkeztua, zortzi istorio ditu, eta Singapurreko babes ofizialeko pisuen etxadi batean jazotzen dira, toki abandonatu eta xumean. Zortzi istoriotako bakoitzak pertsonaia bati erreparatzen dio; hodei etereo batek ezustean harrapatzen ditu pertsonaia horiek, eta haien ingurune hurbila estaltzen du.

   Eszenek artearen historiako artelan adierazgarriei egiten diete erreferentzia, direla Mendebaldeko maisuek egindakoak, adibidez, Caravaggio, Francisco de Zurbaran, Antonio da Correggio, Giovanni Lorenzo Bernini eta René Magritte; direla Ekialdekoek egindakoak, adibidez, Mi Fu eta Wen Zhengming txinatarrak.

   "Ezagutzen ez denaren hodeia" Veneziako Bienalean Singapur ordezkatzeko sortu zen, eta izena XIV. mendeko bigarren erdian ingelesez idatzitako hitzarmen anonimo batetik datorkio. Literatura mistiko ingelesean eragin gehien izandako idazlanetako bat da, tradizio neoplatoniko kristauan kokatua eta kontenplazioko otoitza helburu duena.

   Halaber, instalazioak "Théorie du nuage. Pour une histoire de la peinture" (1972) liburua hartzen du inspirazio iturri, Hubert Damisch filosofo frantsesarena, eta hodeiaren ikonografiak artearen historian izandako garrantzia aztertzen du, sinbologiara eta semiologiara joaz.

HODEIA

   Hodeia elementu errepikakorra da Ho Tzu Nyenen lanean, aurreko artelanetan ere ikus daitekeen bezala, adibidez, "Utama: Historiako izen guztiak dira" (Utama: Every name in history is) edo "Hamar mila tigre" (Ten Thousand Tigers). Horietan ere, Ekialde eta Mendebaldeko arte, kultura, historia, musika eta filosofiako erreferentziak sartzen ditu.

   Artistak honela azaltzen du hodeiei buruz daukan interesa: "Hodeiek interesa pizten zidaten, forma eta konfigurazio bakoitzak, eta askotariko pinturen eta tradizio ikonografikoen bitartez horiek behatzea, poesia erromantikoaren bidez, eta nefrologiaraino, natura hilak, Magritteren pintura, tinta txinatar bidezko pintura, laino ganberak, eta abar".

   Instalazioak soinu banda bat dauka laguntzeko, artistak 200 bat abestitako musika pasartetan oinarrituz aukeratutakoa, guztien letretan ere hodeiak aipatzen dituztenak. Artelana, berez, makina moduko bat da; artistaren eraginak eta aitzindariak nahastu eta birmoldatzen dituena, narrazio polisemikoa osatzeko. Lau pantaila handik antzezpen moduko giro trinko batean murgiltzen dute ikuslea, eta horrek areagotu egiten du instalazioak zentzumenetan uzten duen arrastoa.

   Veneziako Bienaleko artelan honen aurkezpenean, Ho Tzu Nyenek ke makinak erabili zituen, artelanak zentzumenetan daukan oihartzuna nabarmentzeko. Artistaren helburua hodeiaren ikonografia transzendentziaren eta espiritualtasunaren metaforatzat hartzea da eta, aldi berean, ikusizko zein soinuzko erreferentzia ugari ekartzea, ikusle

bakoitzak bere zentzumenezko esperientzia izan dezan.