Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua jokabide on bezala aztertuko dute Europako Parlamentuan

Actualizado: miércoles, 13 febrero 2013 12:57

DONOSTIA, 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua jokabide on bezala aztertuko dute Europako Parlamentuan. Hondakinen kudeaketaren alorreko jokabide onak aztertzeko mintegia egingo dute Bruselan martxoaren 7an, Janez Potocnik Europako Batasuneko Ingurumeneko komisarioak bertan parte hartuko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundia gonbidatu dute, herrialdean izandako esperientziaren berri eman dezan. Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua Europako Parlamentuan hitz egingo du, beraz, foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Martxoaren 7ko mintegian, tokiko hiru esperientziaren berri izango dute Europako parlamentarioek: Italiako Cappanori udalerriarena, Flandriakoa eta Gipuzkoakoa. Cappanori aitzindaria da zero zabor norabidea eta atez ateko bilketa sistema ezartzen; bertako alkatea arituko da Bruselan. Flandriak, bestalde, %75 inguruko birziklatze tasa du, eta biztanleko sortutako hondakinak %70 jaistea lortu du; Flandriako Ingurumen Agentzia Publikoaren ordezkaritza batek hitz egingo du Europako Parlamentuan. Hirugarren esperientzia Gipuzkoakoa izango da.

Gipuzkoak hiru gai nagusi jarriko ditu mahai gainean Bruselan: lehenik, Foru Aldundiaren estrategia, errauskailua eta zabortegi kutsakorrak alde batera uzten dituena; bigarrenik, hainbat herrik atez ateko bilketa sistemaren bidez lortu dituzten birziklapen maila altuak; eta azkenik, zero zabor herri bihurtzeko zenbait udalerri egiten ari diren bidea. Esperientziaren berri emateaz gain, Gipuzkoako ordezkaritzak bitariko bilerak egingo ditu ondoren.

Honako hau ez da Gipuzkoako hondakin ereduaz Europan hitz egiten den lehen aldia. Iazko irailean Iñaki Errazkin diputatuak, Ainhoa Iraola Ingurumeneko zuzendariak eta Juan Carlos Alduntzin kabineteburuak bilera egin zuten Janez Potocnikekin eta haren bulegoko bi kiderekin, eta hiru ordezkariok oso interesgarritzat jo zuten Gipuzkoan egiten ari den bidea.

Errazkinek adierazi duenez, "argi dago hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako esperientzia eredugarri ikusten dutela Europan. Gipuzkoako Foru Aldundia eta gure herrialdeko gero eta sektore zabalago bat egiten ari garen apustua zuzena da, arduratsua, eta bat egiten du erabat Europak ezarritako helburuekin, irizpideekin eta lehentasunekin".

Hori dela eta, Ingurumeneko diputatuak arrazionaltasunerako eta adostasunerako deia egin du: "Europan eredugarri denak ezin du hemen liskar iturri izan. Europan eredugarri dena ezin da hemen lehia politikorako tresna izan. Arduraz joka dezagun denok: erakundeok, alderdi politikoek, komunikabideek eta jendartearen eragileek. Begira diezaiogun Europari eta ondorioak atera ditzagun".