Horizon 2020 I+G+B arloko europar programaren 303 milioi euro jaso ditu Euskadik azken hiru urteetan

Horizon 2020 programa azaltzeko lan jardunaldietako bat
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: lunes, 5 junio 2017 10:26

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Euskadik Europako Horizon 2020 programara aurkeztu dituen proiektuek 303 milioi euro jaso dituzte diru laguntzetan azken hiru urteetan. Europatik Euskadira itzuli den kopuru hori "bereziki garrantzitsua" da, asko hazi baita aurreko programaren bidez eskuratutako funtsekin konparatuta, 2007-2013 arteko zazpi urteko epean 433 miloi euro eskuratu baitziren guztira, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Horizon 2020 programaren behin behineko lehen balantzean bildu dira euskal enpresek Europako berrikuntza arloko erreferentziazko programan izan duten partaidetzari buruzko datuak. I+G+B finantzatzeko programak 80.000 milioi euroko aurrekontua du 2020ra arte, eta ekimen berritzaileak bultzatzea da helburua, hastapenetik merkaturatu arte. Programak lehentasunezko gai batzuk sustatzen ditu, besteak beste, bio eta nano arloak, fabrikazio aurreratua, informazio teknologiak, energia edo garraioa.

Horrela, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskadik guztizkoaren %15,7ko itzulera lortu du, eta adierazle horretan Katalunia eta Madril bakarrik ditu aurretik Estatuko erkidego autonomoen artean. Halaber, azpimarratu du Euskadi dela Nanoteknologia, materialak, bioteknologia eta produkzioa eta Garraio adimendun, ekologiko eta integratua sailetako proiektuetarako funts bolumen handiena lortu duen erkidegoa.

Euskadik I+G+B arlorako funts erkideen banaketan lortutako datu onez gain, Lakuako Gobernuak nabarmendu du azken hiru urteetan Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak 347 milioi euro bideratu dituela arlo horretara. Diru zuzkidura hori erabili da ingurune egoki bat sortzeko eta ingurune horren bidez zentroen, berrikuntzako eragileen eta euskal enpresen artean teknologia transferentzia ahalbidetzeko.

"Euskal administrazioak eginiko ahalegin horri esker, enpresa oinarri berritzaile bat sortuko da, bere presentzia optimizatu eta errentagarritasuna ateratzeko Europako proiektuetan, esaterako, hizpide dugun Horizon 2020 programan eta, batik bat, bio-osasun, fabrikazio aurreratu eta energia esparruetan, horiek baitira Euskadik Espezializazio Adimendunerako aukeratutako hiru lehentasunak", azaldu du.

Ildo horretan, zehaztu du 2017. urtean 139.885.904 euro bideratu direla I+G+B arloa bultzatzera, hau da, Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak kudeatutako aurrekontu osoaren %13,4.

LAN JARDUNALDIAK

Gainera, Jaurlaritzak laguntza eta babesa ematen du ETEek Horizon 2020 programaren abantailak aprobetxatu ditzaten. Hala, azken urteotan hainbat lan jardunaldi antolatu ditu, adituek enpresei azaltzeko nola aurkeztu behar dituzten finantzatu nahi dituzten proposamenak, Horizon 2020 programak aukeratutako profilekin bat etor daitezen.

Zehazki, Euskadik 461 proiektutan parte hartu du Horizon 2020 programaren esparruan, eta haietako 166ren buru izan da (%36). 303 milioi euroko diru laguntza 221 erakundetara iritsi da, eta horietatik %70 ETEak dira. Proiektu gehienak gai jakin batzuetara bideratuta daude, besteak beste, bio, fabrikazio aurreratu, informazio teknologia, energia edo garraiora.

Horizon 2020 programari esker, Euskadiko enpresek, ikerketa zentroek eta erakunde publikoek errazago parte har dezakete nazioarteko lankidetza proiektuetan, ikerketa arloko helburu berberak dituzten beste herrialde batzuekin batera. "Diziplina anitzeko taldeak dira, eta talde horietako kide eta, are gehiago, lider izatea, aukera paregabea da ezagutzak barneratzeko, ikerketa ildo berriak ezagutzeko, Europako liderrekin lan egiteko eta finantza baliabide berriak lortzeko", adierazi du.