Ia 3.000 boluntariok parte hartu dute EAEn "Garbitu dezagun mundua" kanpainan

Unzaluk boluntarioen lana txalotu du
MIKEL ARRAZOLA/IREKIA
Actualizado: miércoles, 30 noviembre 2011 14:13

BILBO, 30 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko ia 3.000 boluntariok parte hartu zuten irailaren 16tik azaroaren 16ra Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Ingurugelarekin eta Unesco Etxearekin lankidetzan sustatutako "Garbitu dezagun mundua" kanpainan.

"Gure ingurunea, gure planeta, gure erantzukizuna" izan da Ingurumenerako Nazio Batuen Programak (INBP) sustatutako ekimenaren 21. urteurrena ospatzeko aukeratutako goiburua, eta xedea zera gogoratzea izan da: gure ingurunea garbitu, lehengoratu eta artatzen badugu, eragina du planeta osoan.

Guztira EAEko 26 udalerri izan dira boluntarioen lanaren onuradun. Boluntariook talde batzuetan batzen ziren, besteak beste, minusbaliatuen taldeetara, prestakuntza ziklo guztietako ikasle eta irakasleen taldeetara, langile eta enpresaburuen taldeetara eta ikertzaileen taldeetara.

Boluntarioek 50 jarduera baino gehiago egin dituzte, alegia, hondakinak batu, birziklatu eta lehengoratzea, bertoko basoak artatu eta lehengoratzea, baratzeak eta lorategiak egokitzea, mugikortasun jasangarrirako ekintzak, sentsibilizazioa eta informazioa. Guztira, 63 hektarea lur berreskuratu dira eta bi tona hondakin batu, eta horietatik %60 birziklatu da.

Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak azpimarratu duenez, "mota honetako kanpainak erakusten du euskal jendartea guztiz dagoela konprometituta ingurumenaren babes eta zaintzarekin". Halaber, bereziki Gipuzkoa kaltetu zuten uholdeen hondakinak batu eta kentzen ibili diren boluntarioen lan eskerga txalotu du.

Ingurumen sailburuaren aburuz, herritarren erantzun hori "pizgarria" da kontzientziatze eta hezte programekiko -Eskolako Agenda 21 (Euskal Autonomia Erkidegoko derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen %70 dira parte-hartzaile), Azterkosta eta Ibaialde- konpromisoa indartzeko. Programotan, euskal kostaldeko eta ibaietako eboluzioari buruz aztertu eta hausnartzen da. Beste programa batzuk Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, ekipamenduetan edo ingurumen interpretazioko zentroetan gauzatzen dira, besteak beste.