Ia 700 lagunek parte hartu dute 2013an 64 urtetik gorakoentzako harrapatzeei buruzko sentsibilizazio kanpainan

Adinekoak saioetako batean
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 10 enero 2014 13:40

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Guztira, 64 urtetik gorako 693 parte-hartzaile izan zituen 2013. urtean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak antolatutako "Harrapatzeei buruzko gogoetak" izeneko sentsibilizazio kanpainak. Ekimenaren helburua oinezkoek harrapatzeak pairatzeari eta ez pairatzeko autobabeseko neurriei buruzko gogoeta sustatzea izan da. Antolatzaileak pozik daude kanpainaren emaitzekin, eta jarraipena emango dio udaberrian.

   "Adineko pertsonak interes bereziko kolektiboa dira, datuen arabera, zaurgarriak direlako oso. Kanpaina honen bidez, oinezkoak hartzen dituzten erabakien ondorioez ohartzea lortu nahi da. Bideak behar ez den lekuetatik edo semaforoa gorri dagoela zeharkatzea arriskutsua da, heriotza edo lesio larriak eragin ditzake eta",  adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Saez Molinuevok.

   Begirale batek gidatutako bilerak erretiratuen egoitzetan edo zentro zibikoetan egiten dira, eta bi helburu dituzte. Alde batetik, harrapatzeen aurrean beren burua babesteko ohiturak bultzatu nahi dira, arauak errespetatzen dituen jokabide seguru baten onurak gogora ekarriz (semaforoa berde dagoenean zeharkatzea, ibilgailuak oinezkoen pasabidean gelditu direla egiaztatuta), eta bestetik, interesdunei iritzia eskatzen zaie administrazioek har ditzaketen neurriei buruz. Hala, bide segurtasunean inplikatzea lortu nahi da.

   2013. urtean honako udalerri hauek bisitatu zituen kanpainak: Andoain, Bilbo, Donostia, Erriberagoitia, Eskoriatza, Galdakao, Gasteiz, Muskiz, Oñati, Sestao, Sopuerta, Tolosa, Urarte, Urnieta eta Zumarraga.

   Bileren gaineko iritzia eskatzen zaie amaieran parte hartzaileei, inkesta bidez, eta emaitzak "oso positiboak" izan dira; parte hartzaile gehienek dinamikaren planteamendua txalotzen dute eta eraginkorra iruditzen zaie. Gainera, parte hartzeko gomendioa egingo diete beste pertsona batzuei.

HARRAPATZEAK

   Euskadin zirkulazioko istripuetan hildakoen kopuruak beheranzko bilakaera izan du duela urte batzuetatik hona, baina badira kolektibo bereziki ahul batzuk, 64 urtetik gorako oinezkoena, besteak beste.

   2013an, guztira, 57 pertsona hil ziren Euskadin zirkulazioko istripuetan. 14 harrapatzeen ondorioz hil ziren, eta horietako zortzik 64 urte baino gehiago zuten. 2012an, harrapatzeen ondorioz 11 pertsona hil ziren (zazpik 64 urte baino gehiago zuten); 2011n, 15 hiletatik zortzi adinekoak ziren; eta 2010ean, 14 oinezko hil ziren harrapatzeetan, eta erdiak 64 urtetik gorakoak ziren.

   "Gure iritzian -adierazi du Trafikoko zuzendariak-, kopuru horiek murrizteko modukoak dira. Hori dela eta, Segurtasun Sailak adin tarte horretako pertsonak kontzientziatzea bultzatuko du. Kanpainak udaberrian izango du segida", iragarri du.