Ia ehun gaztek parte hartu dute Facebook bidez "Non ikusten duzu Europa Euskadin?" argazki lehiaketan

Actualizado: martes, 9 mayo 2017 13:30

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

Jaurlaritzako Ekonomia eta Aurrekontuetako sailburuorde Alberto Alberdik "Non ikusten duzu Europa Euskadin?" argazki lehiaketaren seigarren edizioko sariak banatu ditu astearte honetan. Facebook bidez egindako lehiaketan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 14-25 urteko 96 gaztek parte hartu dute eta 1.266 boto eman dira.

Lehen saria (reflex kamera bat), epaimahaiak aukeratutako argazki onenari, Yon del Hoyo bilbotarrak lortu du, eta bigarrena (Go-Pro Hero kamera bat) Andoni Valle barakaldoarrarentzat izan da. Hirugarren saria (e-book bat), Facebooken boto gehien jaso dituen argazkiari, Ageda Larrazabal getxoztarrak jaso du. Parte hartzaileek aurkeztutako argazkien "goi mailako kalitatea" nabarmendu du epaimahaiak, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Lehiaketa hau Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak antolatzen du Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren Euskadiko Programa Eragilearen komunikazioaren testuinguruan, eta bere asmoa da europar funtsek finantzatutako ekimenak Euskadin ezagutzera ematea, Europa euskal gazteriari hurbiltzea eta Europak bere ingurunearen garapenean nola lagundu duen argazki batean irudikatzea.