Ia hiru hilabeteko bidea bukatuko da igandean BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean

Finalean izango diren zortzi bertsolariak
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: martes, 12 diciembre 2017 16:58

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da igandean, abenduaren 17an, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC), duela ia hiru hilabeteko hasitako bideari amaiera emanez.

Prentsaurrean eman dituzte saioaren inguruko xehetasunak Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak, iganderako sailkatu diren zortzi bertsolariekin batera: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre.

Guztira 14.600 lagunek jarraituko dute finala bertatik bertara. Muruak azaldu duenez, "pozgarria da jendeak finalean egoteko erakutsi duen irrika. Euskal Herrian dagoen areto estalirik handienean egingo dugu; zoritxarrez ez da bertsozale guztientzako lekurik baina pozik gaude zaleen erantzunarekin". Gainera, finalaz harago, bertsozaleek txapelketa osoan zehar "primeran erantzun" dutela gaineratu du.

Txapelketa Nagusiak zazpi herrialdeak lotu ditu eta "horrela, herri euskaldunek eta ez hain euskaldunek, bertsozaleek eta ez hain bertsozaleek hartu dute txapelketa". "Bestela bertsolaritza nekez ailegatuko zen eremuetara eta jendearenganaino iristeko balio izan du", esan du.

Horietan guztietan elkarlanean aritu da Bertsozale Elkartea tokian tokiko eragileekin. Gainera, elkarteko langileenaz ez ezik, ezinbestekoa izan da borondatezko lantaldearen ekarpena.

Parte hartzaileen lana ere goraipatu du Muruak. "Oholtzatik, bakoitza beretik, ekarpen asko eta askotarikoak egin zaizkio bertsogintzari; bertsogintza izaten ari da txapelketaren ardatza", ziurtatu du.

SEBASTIA LIZASO

Aurten Sebastian Lizaso azpeitiarrak jantziko dio txapela irabazleari. Joxe Lizaso aitaren eraginez txikitatik bertso giroan hezia, 1986an izan zen txapeldun eta txapeldunorde 1989an eta 1997an. Azken urteetan bera da plaza gehien egiten dituen bertsolarietako bat.

Halaber, euskaldunik ez den bertsozalerik izango da BECen igandean. Mintzola Ahozko Lantegiak gonbidatuta, mundu osoko aditu eta arituak izango dira beraientzat propio atondutako Mintzola Terrazan. Ikertzaile eta ahozko kantu inprobisatuko sortzaileak ez ezik, atzerriko hedabideak ere izango dira bertan.

Bestalde, aretorako sarrerarik lortu ez duenak ere izango du txapelketa jarraitzeko aukera hainbat hedabideren lana tarteko: Bertsoa.eus atarian zein ETB 1en zuzenean ikusi ahal izango da saioa Aitzol Barandiaranek eta Ilaski Serranok aurkeztuta, eta Uxue Alberdiren iruzkinekin.