Iberoamerika "hainbat iraultza esperientziaren abangoardian" egon zela erakutsi du EHUko ikeketa talde batek

Javier Fernández Sebastián katedraduna
Foto: EHU
Actualizado: martes, 17 marzo 2015 14:23

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) "Historia Intelectual de la Política Moderna. Lenguajes, Conceptos y Discursos" izeneko taldeak 'Diccionario político y social del mundo iberoamericano' lanaren bigarren liburukia argitaratu du, eta Iberoamerika "hainbat iraultza esperientziaren abangoardian" egon zela erakutsi du.

   Lan horretan hainbat saiakera bildu dira, besteak beste, "Zibilizazioa", "Demokrazia", "Estatua" eta "Subiranotasuna" kontzeptuen inguruan. Halaber, aztertu egin dute nola jaio zen modernitatea, 1770etik 1870era bitartean, Ozeano Atlantikoko bi aldeetan gaztelania eta portugesa darabilten 12 herri eta herrialdetan: Argentina, Brasil, Karibe-Antilla Hispaniarrak, Erdialdeko Amerika, Kolonbia, Txile, Espainia, Mexiko, Peru, Portugal, Uruguai eta Venezuela.

   Javier Fernández Sebastián EHUko Pentsamendu Politikoaren Historiako katedradun eta hiztegiaren editoreak adireazi du "aurrerapauso garrantzitsua" izan zela historia intelektual transnazionalean, "mugarri bat historia globala eraikitzeko bidean".

   Horrela, bere hitzetan, ikuspegi historikotik, Iberoamerika "aitzindaria" izan da hainbat alderdiri dagokienez. "Espainiarrek eta portugaldarrek Amerika konkistatzea eta kolonizatzea ekintza aitzindaria izan zen Europa beste kontinente batzuetan hedatzeko, baina, egia da, halaber, Iberoamerikako independentziak oso goiz gertatu zirela eta Mundu Berrian oso goiz ezarri zirela erregimen konstituzionalak eta errepublikanoak; zehazki, XIX. mendearen hasieran. Sasoi hartan, antzeko oso esperientzia gutxi zegoen mundu osoan, baita Europan ere", azaldu du.

   Gauzak horrela, Iberoamerika "bi modernitate bolada handien mugimendu politiko garrantzitsuen abangoardian" egon zen, XVI. mendean eta XIX. mendean. "Hori adierazten du herrialdean hiztegi politiko modernoak goiz hartu izanak, eta harrigarria da ikustea 1820ko hamarkadan, esate baterako, Europako zenbait egilek (italiarrak, frantsesak, alemanak) herrikideei gomendatzen zietela Atlantiko Iberikoko iraultza esperientziak emulatu eta eredu har zitzatela", gaineratu du.

EHUN BAT HISTORIALARI

   EHUk eta Espainiako Gobernuko Presidentetza Ministerioaren mendeko Centro de Estudios Políticos y Constitucionales erakundeak argitaratu dute liburuak. Amerikako eta Iberiar penintsulako hainbat unibertsitatetako eta erakundetako ehundik gora historialarik eta ikertzailek parte hartu dute obra egiteko lanetan.

   Zehazki, EHUko "Historia intelectual de la Política Moderna" taldearekin aritu dira lankidetzan. Honako hauek osatzen dute talde hori: Fernández Sebastiánek, Iñaki Iriartek, Juan Olabarriak, Pedro José Chacónek, Luis Fernándezek, Pablo Sánchezek, Nere Basabek, Ana Isabel Gonzálezek, Javier Tajadurak eta Kirill Postoutenkok.

   Bigarren liburukiak "Zibilizazioa", "Demokrazia", "Estatua", "Independentzia", "Askatasuna", "Ordena", "Partidua", "Aberria", "Iraultza" eta "Subiranotasuna" kontzeptuak aztertu ditu, besteak beste. Lehenengo liburukian (http://www.iberconceptos.net/diccionario-politico-y-social-del-mundo-iberoamericano), berriz, honako nozio hauek aztertu ziren: "Amerika", "Herritarra", "Konstituzioa", "Federalismoa", "Historia", "Liberalismoa", "Nazioa", "Iritzi Publikoa", "Herria" eta "Errepublika".

   EHUko ikerketa talde horren lanak onarpen zabala du nazioartean, eta hiztegiak eta beste lan batzuek aipamenak jaso dituzte, ekarpena egin baitute historia intelektual orokorra lortzeko. Hainbat eskuliburutan eta entziklopediatan ageri dira aipamenok, hala nola Frantziako Encyclopaedia Universalis eta Ipar Amerikako The Encyclopedia of Political Thought lanean.